Pello Martikorena, Conservas Martikoko zuzendariak “Negocios en Navarra” aldizkariaren eskutik eta Nafarroako Enpresarien Konfederazioaren laguntzarekin 2004ko Nafarroako Empresaria izeneko saria jaso zuen urtarrilaren 25ean. Berako lantegiekin batera, Zuñigako granjan, egun bakarreko ahateak hazi eta gizentzen dituzte; Larrabetzuko (Bizkaia) Delicass enpresa ere berea da, 2002an Campofriori herena erosi zionetik. Urte berean Cadizen Selectos de Barbate enpresa erosi zuen, arraina lantzeko eta honetaz gain, Ibardinen benta bat eta Dantxarinean bertze bi baditu. Bere azken proiektua Leringoa da, Agropecuaria Lerín enpresaren sorrera. Momentuz hiltegia eta zatiketa aretoa martxan daude eta bere helburua gizentzeko granjak eraikitzea da, 3 milioi ahatetara iritsi arte. Narbarten ere janari prestatuen enpresa egin nahian dabil. 30.000 metro koadroko lurrak erosiak ditu eta bertako produktuak landu nahi ditu. Proiektu hau 2007an martxan izanen da eta 50 langile inguru arituko dira lanean, gehienak emakumeak. Hemendik bi urtera ere, Los Arcos/Urantzian beste granja bat irekiko du. 15 langile arituko dira eta bere helburua da ernetzeko puntuan dauden arraultzeak ekarri eta inkubadoran edukitzea, horrela ahatea Nafarroako produktua izateko. Momentuz Urantziako Udalak 409.000 metro koadroko lurrak utzi ditu. Gaur egun, guztira, 500 langile inguru izanen ditu eta bakarrik Martikok (bentak, Delicass eta Barbate kontutan hartu gabe) 30 milioi euro fakturatzen ditu. Iturgin izatetik aipatutako guzia edukitzera iristeko lan handia egin dute Pello Martikorena eta bere familiak. Horren fruitua, ibilbide guzi horregatik Iruñean jasotako saria izan da.