«Kultur Etxerako aurten dirulaguntzarik ez izatea adar jotzea iruditzen zaigu»

Aitor AROTZENA 2007ko ots. 22a, 12:46

Juan Fermin MITXELENA Lesakako alkatea TTIPI TTAPA

• 2000. urtetik Lesakako karmeldarren komentu zaharrean kultur etxea eta liburutegia egiteko proiektu ezberdinak egin ditu Lesakako Udalak. • Azkenekoak 3,7 milioi euroko aurrekontua du (lehengo 650 milioi pezeta) eta Nafarroako Gobernuaren Ondare, Kultura eta Liburutegi sailen oniritzia jaso du.

• Orain, ordea, 2005ean proiektu honetarako dirulaguntzarik ez dela izanen jakinarazi dute Iruñetik.

2000. urtetik bueltaka zabiltzate komentuan kultur etxea eta liburutegia egiteko. Aurten, ordea, dirulaguntzarik ez dela izanen diote Nafarroako Gobernutik…

Bizpahiru proiektu izan dira bortz urte hauetan, aldatzen joan direnak. Azken proiektuarekin hasi ginen eta dozena erdi bat bilera egin ditugu Iruñean, bertze pare bat Bertizen eta Agoitzen Cristina Arcayarekin eta hondarrean denak ados jarri ziren, Ondarea, Kultura eta Liburutegi sailetakoak. Azken proiektu horren arabera auditorioa sartzen zen kultur etxean, eszenalekua murriztua gelditzen zen, 70-75 metro koadrokoa, 170-180 eserlekurekin eta liburutegia gibelerago eramaten zen, berdegunea ukitu gabe. Denborarekin Lesakak auditorio handiagoa beharko du, baina komentuari erabilera emateko modua hori zen. Dirulaguntza izan genuen, nahiz auditorioa nahiz liburutegiaren proiektua egiteko. %30 eman zuten kultur etxearen proiektua egiteko eta %35 liburutegia egiteko. Hori galdu genuen, Kultura departamentutik jarritako baldintzak kontuan hartuz, hori pasatzen uzteko eta eurek komenio baten bidez proiektu guzia dena batera aitzinera eramateko modua lortuko zutela erran baitziguten. Arazo honekin joan den urtean hilabetero joan ginen Iruñera, nahiz Oninek gehiago joan behar dela erran. Dena konforme zen, eta orain erran digute dirulaguntzetan murrizketak izan direla eta ezin dela hitzarmena aitzinera eraman. Beraiengatik hainbertze gibeleratu ondotik, engainatuak sentitzen gara. Guziaren buruan 2005ean ez dugula deus dirulaguntzarik izanen, adar jotzea iruditzen zaigu.

Diru arazoa da, edo bertzelako arazorik ikusten duzu erabaki honen gibelean?

Egia da diru murrizketa ikaragarriak izan direla aurrekontuetan, kultura arloan lotsagarriak. Ez dakit egitan hain eskas dabiltzan diruarekin edo bertze gauzetan dirua gastatu eta hortik estutu nahi duten. Hainbertze bilera egin ondotik, ustez dena martxan zegoela, orain 2005ean dirurik ez dela izanen erratea… Gainera, ez dute heldu den urtean dirurik izanen denik segurtatzen. Noiz arte esperatu behar dugu Lesakan Kultur Etxearen obra martxan ikusteko? Errepideekin urteak eman ditugu esperoan eta orain herriko obrekin bide beretik segitu behar dugu? Lesakar bati zaila da esplikatzea hainbertze urteren buruan eta proiektuetan hainbertze diru gastatuta, oraindik deus ez dela egin. Haserre gaude gai honekin.

Dirulaguntzarik gabe bada proiektua aitzinera ateratzerik?

Handik edo hemendik aitzinera egiten saiatuko gara, esperantza hori kontu behar dugu. Baimena ematen baldin badigute obra gure kargu hasiko dugu, baina beraien aldetik dirulaguntza emanen dutenaren konpromisoa lortu behar dugu. Ezin dugu Lesaka neurri honetako inbertsioan sartu, dirulaguntzarik ez bada.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!