«Pista gustatzen zait baina hemengo instalazioekin ezin da ongi prestatu»

Aitor AROTZENA 2007ko otsailaren 22a

TTIPI TTAPA

Rafa MARITXALAR Lesakako korrikalaria

• Hiru Herri taldean ari den Rafa Maritxalar 32 urteko Lesakako korrikalaria Nafarroako kros laburreko txapeldun suertatu zen urtarrilaren 30ean Iruñean.

• Otsailaren 6an Amurrion burutu zen Euskadiko kros txapelketan bigarren izan zen, Alex Garretasen gibeletik.

• Denboraldi honetan, Maratoi Erdiren batean marka on bat egitea gustatuko litzaioke eta udan Herri Lasterketetan hartuko du parte: «Puntu onean nago eta oraindik zerbait findutzen ahal naizela uste dut».

Ez da atzo goizean lasterka hasitakoa Rafa Maritxalar Elgorriaga korrikalari lesakarra. 15 urterekin, bere lagunak futbolean edo pilotan hasi ziren bitartean, berak atletismoaren bideari ekin zion, Jesus Mari Calvoren eskutik. Garai batean, kirolari erabat emana egon zen, baina azken urteetan garraiolari lan eguna akaututakoan ekin behar izaten dio entrenamenduari. «Denbora baino gehiago gogoa ateratzea kostatzen da. Egunean beti izaten duzu ordu pare bat, baina gogoa… Urtero azkeneko urtea izanen dela erraten dut eta hor segitzen dut. Noiz arte? Maila altuan aunitz jota bertze bi urte segitu nahi nuke eta gero, kirola osasunagatik egin». Orain, astebeteren barrenean Nafarroako kros laburreko txapelketa irabazi eta Euskadiko kros txapelketan bigarren izan da Maritxalar, «ez nuen ez bat ezta bertzea ere espero, banekien hor hurbil egoten ahal nintzela baina ez nuen hain fin nintzenik uste. Horrela atera da eta kontent!». Biek kros txapelketak izanagatik, ez dutela zerikusirik izan aipatu digu Maritxalarrek: «Nafarroakoa motza zen, 4 kilometro eta aunitz jota 12 minutuko lana eta bertzea 11 kilometro terdikoa eta hor 36-37 minutu joaten dira. Motza hagitz intentsoa da eta bertzea filosofiarekin hartu behar duzu, erdira arte ongi ailegatu eta gero ongi akautu. Planteamendu ezberdinak dira».

Espainiako 1.500 metroko txapelketan zortzigarren

Hurbilen dauden lorpenak txapelketa eta zilarrezko domina hauek baldin badira ere, lesakarraren palmaresa luze eta zabala da. «Neretzako momentu garrantzitsuena Espainiako 1.500 metroko txapelketan zortzigarrena gelditzea izan zen. Bertze garaipen politak izan ditut, Iruñeko Maratoi Erdia, Nafarroako bertze kros txapelketa bat…». Denboraldian pista eta krosa tartekatu izan ditu Maritxalarek.« Neguan krosa egiten da normalean eta udan pista. Nik bereixi ahal banuke, pista eginen nuke, baina hemen dauden instalazioekin, ezin duzu kondiziotan prestatu eta pista baztertu dut. Beraz neguan krosa eta udan Maratoi Erdi bat edo bi gehienez egiten ditut, eta kitto!». Distantzia laburrak nahiago baldin baditu ere, denborarekin maratoiren bat prestatzea ere ez du baztertzen. «Burutik pasatu zait, baina maratoi bat egitekotan, marka egitea gustatuko litzaidake. Horretarako prestakuntza ona behar da eta ez dut denborarik, juxtu joateko erokeria iruditzen zait, baina nork daki!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun