Zalaingo tubo saileko lantegiko enpresa batzordea Condesako ordezkariekin bildu zen otsailaren 15ean, enpresak aurkeztu zuen Plan Estrategikoa negoziatzeko asmoarekin. Enpresa batzordeak bertze norabide bat eman nahi zion plan horri, produkzioa eta ondorioz lanpostuak mantentzen saiatzeko, baina enpresaren erantzuna ezezkoa izan zen. Enpresa batzordeak lau makina kentzea eta hamekarekin lanean segitzea planteatu zuen, baina enpresaren ezezko borobila jaso zuen. Enpresa batzordeak enpresaren malgutasun eza salatu du, negoziaziora irekia dagoela erran bai, baina aldi berean bere planak aldatzen ez dituelako. Momentuz Zalaingo ordezkariekin bakarrik solastu dute sindikatuek eta Condesa enpresako zuzendaritzarekin solasteko garaia dela uste dute. Negoziazioa geldirik dago, baina sindikatuek lanean segitu zuten joan den astean. Otsailaren 17an eskualdeko alkateekin bildu ziren Lesakako Herriko Etxean. Aitzinera begira, Nafarroako Gobernuarekin bildu nahi dute.