Gure Txokoako II. mus txapelketa joan den larunbatean jokatu zen, eta iazkoa bezala, arrakasta polita izan zuen 47 bikote aurkeztu baitziren. Lehen edizioan txapela Lesakara joan bazen, aurtengoan, herrian gelditu zen Imanol eta Aitor Capdekiri esker. Finalean Ander Altzuri eta Imanol Oiartzabalen aurka lortutako garaipenari esker txapel bana jantzi zituzten, eta gainera 400 euroko diru saria. Txapeldun ordeek Hirurak Bat landa etxeen elkarteak eskainitako 4 lagunentzako asteburu bateko egonaldia eskuratu zuten. Hirugarren tokirako finalean Luis Larrea eta Jose Mari Petrirena, Bernard Errandonea eta Asier Larrañagarekin neurtu ziren. Esperientzia alde zutela, lehenek garaipena lortu zuten, eta horrekin batera zihoan 2 lagunentzako otordua Zalainen. Hortaz laugarren saria, 2 lagunentzako otordua Zubiondon, Bernard eta Asierentzat izan zen.