Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Euskaltegiak Solas-laguna egitasmoa aurkeztu zuten astearte arratsaldean. Bi erakundeek sustatzen duten proiektu berri honekin euskara ikasten ari direnei praktikatzeko aukera eman nahi die, erabiltzea baita ikasteko modurik emankorrena. Bestalde euskaldunek ere parte har dezakete, lagunei egoki solastatzen laguntzeko, eta denbora berean lagun giroa euskalduntzeko.
Norberaren agendan egitasmoak eragozpen handirik ez sortzeko, formula arina asmatu dute. Parte hartu nahi dutenek ordu bat besterik ez liokete eskaini behar proiektuari. Gaineratiko ezaugarriak taldeak berak adostuko ditu, noiz bildu? Zer ordutan? eta non? Baldintza bakarra euskaraz aritzea izanen da. Taldean euskaldun bat eta hainbat euskara ikasle bilduko dira. Mankomunitatea arduratuko da taldeen osatzeaz, eta parte hartzaileak harremanetan jartzeaz.
Solas laguna egitasmoa berria bada gure eskualdean, Euskal Herriko hainbat lekuetan dagoeneko abian da, batez ere, Gipuzkoan eta Bizkaian. Bortzirietako Solas laguna egitasmoan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute 948 634 125 edo 948 637 796 telefono zenbakietara deituz edo bortziriak@euskalnet.net helbidera idatziz. Taldeak osatu ahala elkartzen hasiko dira ekainaren bukaera arte. Udan, lehen hilabeteen balantzea eginen da, eta irailetik aitzinera berriz hasiko dira.