Udaberrian Karibera eta Extremadurara joateko bidaiak antolatu dira

Nerea ALTZURI 2007ko otsailaren 20a

Otsailaren azken txanpan gaude. Neguak, ohiko aurpegiak eta udaberri-udazkeneko aurpegiak ere erakutsi dizkigu. Nolanahi ere, urtesasoiek beurek euren ezaugarriak dituzte, eta negu-neguko egunak izan ditugula ezin dugu ukatu.

Elurra egiteko modu ezberdinak somatu ditugu: adarka-adarka elurra egin du; herrian elurra mara-mara ari zuen bitartean, ondoko herrian deusere ez edo ondoko bertze haran batean euri erauntsia ari duenean, herrian idor-idor. Eguraldiari buruzko xehetasunak emateko ez dugu tartea erabiliko ordea. Eguraldiak garrantzia handia du oporraldian. Sei aranztar, heldu den hilabetearen bukaeran, martxoaren bukaeran karibealdera joanen dira hamabortz egun iragatera. Martxoaren 28an, Madrildik Kankunera hegazkinean joanen dira eta handik, aste bateko kruzeroa eginen dute, karibealdeko zenbait irla bisitatuz: Gran Cayman, Paraiso, Cuba… " Sueños del Caribe" izeneko itsasontzian kruzeroa eginen dute. Bigarren astea, Kankunen pasatuko dute, Mexikoko hiri hau zein Mexiko herrialdea bera ezagutzeko helburuarekin.

Bertzalde, maiatzaren 30tik ekainaren 6ra bitartean Extremadurara bidaia antolatu da. Izen emateko epea, joan den astean bukatu zen. Zortzi eguneko bidaia honetan, Extremadura ez ezik, bidean eginiko geldialdien bitartez, leku eta eraikin aunitz bisitatuko dituzte: Burgosko katedrala, Salamankako plaza nagusia,Guadalupe,Plasencia,La Vera, Caceres, Trujillo,Merida,Zafra, Jerez de los Caballeros... Leku ezberdinak eta interesgarriak ezagutzeko bidaia izanen da azken hau ere.

Urte andana badira bidaia ezberdinak antolatzen direla. Munduan barna, herrialde ezberdinak bisitatzearekin batera, herritarrak zein herrikoak ez direnak taldean oporraldia pasatzeko eta elkar ezagutzeko aukera ematen dute bidaia hauek. Urtero eta ia urtero bidaia antolatu hauetara joaten direnak badira eta esperientzia politak izan direla erran digute denek. Beraz, bidaia on!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun