Nekazaritza Ekologikoko lehen azoka eginen da ekainaren 25ean

Amaia eta Ainhoa 2007ko otsailaren 20a

Nabasturengo Gabriel Errandoneak parte hartu zuen otsailaren 16an egin zen Ekobera azokaren aurkezpenean. TTIPI TTAPA

Kartela egiteko lehiaketa egiten ari dira Lehen Hezkuntzako haurrak

Berako Udalak eskualdeko ekoizleekin batera datorren ekainaren 24 eta 25erako Berako I. Nekazaritza Ekologiko Azoka antolatu du, EKOBERA izena hartu duena. Cederna-Garalur eta Bertizko Turismo Partzuergoak, eskualdeko bertze erakundeekin batera, antolakuntza lanetan ari dira eta dirulaguntzak emanez ere lagunduko dute. Une honetan babesle bila ari dira antolatzaileak, eta eskualdeko enpresa guztiak gonbidatzen dituzte azoka babestera. Azoka honen helburu nagusia eskualdeko eta inguruko produktu ekologikoak ezagutzera ematea da. Hala ere, bertze helburuak ere baditu azokak: herrian zein eskualdean produktu ekologikoak ezagutzera ematea; Nafarroa, Gipuzkoa eta Iparraldeko ekoizleen elkargunea izatea; Bera bezalako herri industrializatuan lehendabiziko sektorea bultzatzea; herritarrak kontzientziatzea (bereziki haurrak ikastetxeen bidez); bizi kalitatearen hobekuntzan eragitea eta garapen jasangarrian sakontzea; herria girotzea eta parte hartzea bultzatzea; eta eskualdea turistikoki bultzatzea. Azoka honen inguruan hainbat ekitaldi antolatu dira. Alde batetik, Ekobera iragartzeko kartel lehiaketa eginen da Berako Lehen Hezkuntzako ikastetxetako haurrek parte hartuz. Dagoeneko lehiaketaren oinarriak banatu dituzte eta lanak entregatzeko epea otsailaren 28an bukatuko da. Lehiaketa irabazten duenak Bertiz Abentura Parkean arratsalde pasa eginen du bere gelakideekin eta ikastetxearentzat txangoa antolatu da ardo ekologikoa egiten den ardandegi bat ikusteko. Bertzalde, ekainaren 24an, azoka egunaren bezperan, arratsaldeko 19:00etatik aintzinera Angel Mª Legasa eta Belen Compains “Nola elikatzen garen” gaiaren inguruan solasaldia eskainiko dute. Hitzaldiaren ondotik produktuen dastaketa eginen da eta lehiaketara aurkeztutako lanak erakusgai jarriko dira. Ekainaren 25ean Altzateko Plazan ospatuko da azoka eguna goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00etara eta egun osoan ere animazio desberdinak ikusteko aukera izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun