Herritik eta Igantzitik 2.500 kilo janari bidali dira Argentinara

Nerea ALTZURI 2007ko otsailaren 20a

TTIPI TTAPA

Behar-Bidasoaren bidez, Ines Lukanbio herritarraren misiora 30 metro kubikoko edukiontzia bidali da

Behar Bidasoa Gobernuz Kanpoko Bidasoaldeko erakundeak urte saila darama beharrean daudenei laguntzen. Joan den otsailaren 26an, Irungo Doman biltegietan Hirugarren Munduaren lagunak diren erakunde honetako ordezkariak, tartean herritarrak, 30metro kubikoko kontenedore bat Argentinara bidean jarri zuten. Han, aitzineko ale bateko herriko kronikan aditzera eman bezala, Ines Lukanbio misiolari aranztarra dago. Bera laguntzen aritzen den eremuan behar handiak daude eta Bidasoaldeko erakunde honek lan haundia egiten du elikagaiak, tresnak, arropak, altzariak, garbikariak, botikak, liburuak... eta bertzelakoak biltzen. Oraingoan, guzira ia hamaika tona bildu dira arlo guzietako elementuak batuta eta guk baino toki eta jende behartsuagoak direnek eskertuko dute. Tartean,herritik eta Igantzitik 2.500 kilo jaki Argentinako eremu behartsuetara joan dira. Bi herrietako apaiza, Martin Legarra eta eskualdeko bertze herritar batzuek ere parte hartu dute bilketan eta kargatzeko egunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun