Inauteriei buruzko argazki lehiaketa Beran

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 16a

Jasotako argazki hoberenak www.berakoudala.net en zintzilikatu dira

Inauteriak gainean ditugula, hauei buruzko argazki digitalen lehiaketa antolatu du www.berakoudala.net webguneak. Parte hartu nahi dutenek egun hauetan hartzen dituzten nahi bezain bat argazki aurkezten ahalko dituzte, Iñude eta Artzaiak, koadrilak mozorroturik eta baserriz baserri eskian bertzeak bertze. Haurrenak zein helduenak denak onartuko dira. Horretarako, bera@berakoudala.net helbidera bidali beharko dira 72ko erresoluzioarekin jpg formatuan otsailaren 23a baino lehen izen-abizena, telefono zenbakia eta helbide elektronikoa zehaztuz. Argazkiaren jabegoa egilearena izaten jarraituko du, baina antolakuntzak irabazlea erabili ahal izanen du heldu den urteko inauterien iragartzeko.

www.berkoudala.net –eko kudeatzaileek jasoko dituzten argazkien artean lehen aukeraketa bat eginen dute, eta onenak webgunean paratuko dituzte. Lehiaketaren irabazleak iPod Shuffle delako bat eskuratuko du, eta gainerako parte hartzaileen artean liburu eta diska sorta zozketatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun