Udaberria hurbiltzen ari zaigunaren seinale edo, kultur eta kirol ekitaldiz ongi hornitua dator martxoa. Martxoaren 4an maitasuna eta kontzientziaren ernatzeari buruzko solasaldia eskaini zuen Xabier Satrustegik; martxoaren 6an antzerki emanaldia eskaini zuen Berako Emaitza taldeak eta martxoaren 7 eta 8an Kotxe Gabeko Egunak izan ziren herrian. Martxoaren 1etik 18ra «Emakume Abertzale Batza, bidea zabaltzen» izeneko erakusketa zabalik izanen da Beti Gazte elkartean, astelehenetik larunbatera, 18:30etatik 20:30etara.
Aitzinera begira, ortziral honetan, martxoak 11, «Telebisten lizentziak» gaiari buruz solasean arituko da Uxue Barkos Nafarroa Bai taldeko diputatua Espainiako kongresuan, 20:00etan Kasinoan. Martxoaren 12an, larunbatarekin, Korrika ailegatuko da herrira goizeko 11:30ak aldera. Euskararen aldeko lasterkaldian parte hartu ondotik, herri bazkari batean indarrak berreskuratzeko modua izanen da. Ez da Korrikarekin lotutako ekitaldi bakarra izanen. Herriko ostatuek «Lesakako tabernak korrikarekin bat» zozketak eginen dituzte. Arratsaldeko 6etatik aitzinera jendeari txartela emanen zaizkio kontsumizio bakoitzeko eta arratsean hiru zozketa eginen dira: scooter motoa, Piriniotako landetxe batean 10 lagunendako asteburu pasa eta korrika produktuen lotea izanen dira saritzat.
Martxoaren 20an Nafarroako Ikastolen Arteko Krosa eginen da Lesakan, 10etatik aitzinera. Martxoaren 23an, azkenik, Musika Eskolak antolatuta Udaberriko Kontzertua eskainiko da Udaletxeko pleno aretoan, 18:30etan.
Udaberriko landareak ezagutzeko sendabelar ikastaroa ere aitzinera doaie. Otsailaren 12an hasi eta ekainaren 4ra bitarte arituko dira larunbatero, 9:30etatik 13:30etara. Norbaitek parte hartu nahiko balu, 012ra deitu beharko luke.