2006ko urriaren 22an artzain besta ospatu zen Lesakan. Egun horretan herria txiki geratu zen. Iparralde, Nafarroa eta Euskal Herriko bertze probintzietatik etorritako artzainek xoko guztiak bete zituzten. Goizean meza izan zen eta hantxe Erramun Martikorena eta Mixel Aire Xalbadorren semeak beren kantu eta bertsoekin denen bihotzak hunkitu zituzten. Segidan, Plaza Zaharrean erakustaldi franko izan zen. Zaldunek gidatuta, artalde batek herria zeharkatu zuen, makinaz eta aizturrez ardiei ilea moztu zieten, gasna modu tradizionalean nola egiten den erakutsi zen eta… bertze hainbat ikusgarri han bildutakoen gozamenerako. Joxe Mallea Renoko Unibertsitateko irakasleak, artzainek lertxoinetan utzitako idatzien berri eman zuen. Eguerdian 500 bazkaltiar inguru bildu ziren frontoian eta elkartasuna eta momentu hunkigarriak etengabe errepikatu ziren.
Aurreskua, omenaldiak, musika, bertsoak, dantzaldia… baina osagai hauek guztiaz gain, bazen bertze bat denek espero zutena. ”Bortzirietako Artzainak Ameriketan” liburuaren aurkezpena egin zen eta artzainek eskuratzeko aukera izan zuten. Denetara 88 lekukotza biltzen dira liburuan, eta egun horretan bertan, opari eman zitzaien bestan parte hartu zuten protagonistei. Gero, nahi zuen orok liburua erosteko aukera ere izan zuen.
Dena den, gauza ez zen horrekin bukatu. Handik aste batzuetara, liburuaren osagarri den DVDa ere argitaratu zen. Horretan, artzainek utzitako argazki ugari biltzen dira bere herria eta izena agertuz. Eta irudiez gain, hitzak ere betetzen du tarte nagusi bat. Artzainekin egindako elkarrizketak entzun daitezke eta baita bertsoak ere.
Artzain bestaren ondotik DVD hau ere salgai jarri zen eta gure eskualdeko hainbat tokitan eskura daiteke gaur egun 10 euroren truke. Lesakako Telletxea eta Legarra liburudendetan, eta Herriko Etxean; Berako hiru estankoetan eta Igone, Elkar eta Agara liburudendetan; Igantzin ostatuetan eta Bi-biden; Arantzan okindegian eta Etxalarren Iturria janaridendan.