Joan den urteko arrakasta ikusi eta, Gure Txokoa elkarteak mus txapelketa antolatzea erabaki du bigarren urtez. Iaz bezala, inauterien larunbatean jokatuko da arratsaldeko 16:00etatik aitzinera, Iamotenean, elkartearen egoitzan. Denei irekia da, elkarteko bazkide ez direnei ere. Parte hartzeko, izenak, egunean bertan eman beharko dira arratsaldeko 15:00etatik 16:00etara. Lehen edizioan, irabazleek, Lesakako Iñigo Rodriguez eta German Terreros, 300 euro eta txapela eraman bazituzten, aurtengoan diru saria handiagoa izanen da, 400 eurokoa hain zuzen ere. Txapeldun ordeak, Hirurak Bat landa etxeen elkarteak eskainitako 4 lagunentzako asteburu bateko egonaldia irabaziko dute, hirugarrenek, 2 lagunentzako otordua Zalainen, eta laugarrenek, 2 lagunentzako otordua Zubiondon. Parte hartu ahal izateko bikote bakoitzak 12 euro ordainduko ditu.
Euskal Herriko III. mus txapelketa
Mus kontuekin segituz, laster hasiko da Euskal Herriko III. mus txapelketa. Iaz bezala kanporaketa bat Beran jokatu da martxoaren 2, 3 edo 4an. Oraindik zehaztekoa da non jokatuko den zehazki. Bertako irabazleek, Seguran martxoaren 17an jokatuko den finalerako txartela eskuratuko dute.