Udalak 2.101.431,24 euro eskatu ditu Nafarroako Gobernuko laurteko azpiegitura planean, herriko hainbat proiektu eta lanetarako.
Kopururik handiena hodi-biltzailearentzako eskatu da, 801.324,52 euroko kopurua. Lan horiekin, herriko ur zikinak bildu eta araztegira eramaten dituen hodi-biltzailea berrituko litzateke. Egoera hagitz kaxkarrean dago hodi-biltzailea, 1978an egin zenetik arrunt zaharkitua gelditu delako. Hala, errekako ur aunitz sartzen da egungo hodi-biltzailera, eta ur garbia ur zikinarekin nahasten da. Araztegira ailegatzen den ur-kopurua beharko lukeena halako 20 da. Egungo ormigoizko hoditeria fundizioko batengatik aldatuko da. Lanaren eta kopuruaren neurria ikusirik, urte ezberdinetan egitea aurreikusi da.
Herriko Etxearen moldaketa da eskatu den bertze inbertsio nagusia. Herriko Etxea arrunt zaharkitua dagoela, eta funtzionalitate arazo larriak dituela kontuan hartuta, eraikinaren zaharberritzea aurreikusi da. Nafarroako Gobernuari 537.899,99 euroko laguntza eskatu zaio. Laguntza horrekin Herriko Etxeko beheitiko solairua, lehenbizikoa eta bigarrena moldatuko lirateke. Beheitiko solairuan jarriko dira herritarrendako informazio eta arreta zerbitzuak. Lehen solairuan idazkaritza, administrazioa, artxiboak eta bilera gela paratuko dira eta bigarren solairuan pleno-aretoa, alkatetzaren eta udal taldeen bulegoak.
Beraz, bigarren fase baterako geldituko dira sotoa eta ganbara moldatzea eta igogailua jartzea. Bi zatitan banatzearen arrazoia Azpiegitura Planean puntuazioa altua lortzea izan dela argitu du Jon Abril alkate ordeak.
Herriko hainbat karriketako sareak (ur hornidura, ur zikinen hoditeria, argia, telefonoa, gasa…) berritzearekin batera, zolaberritzea ere aurreikusi da honako karriketan: Legia karrika, eta Legia 19-23 urbanizazioa; Ekialde-Hegoalde karrika; Uraldea karrika; eta Herriko Etxeko Plaza-Gernikako Arbola Plaza-Plaza Zaharra zatiak. Horren guztiaren aurrekontua 293.044,46 eurokoa da.
Jamoteneako aparkalekutik Kaxernarako zatia berritzeko laguntza ere eskatu da, 90.266,40 euroko aurrekontua duena.
Baserri bideei dagokionean, Suspela eta Xantelerrekako bideak moldatzea aurreikusi da, eta horretarako 149.463 euroko aurrekontua aurkeztu da Nafarroako Gobernura. Azkenik, Ibardinen hainbat hobekuntza lan egiteko, 229.431,97 euroko aurrekontua aurkeztu da.