Xabier Silveira izan zen irabazle martxoaren 13an jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean. 425 punturekin bere hirugarren txapela jantzi zuen Lesakako bertsolariak, bigarrena segidan. Espero zuen, baina gustora ageri zen Silveira txapelarekin: «Espero nuen txapeldun izatea eta hala izan ez balitz neure buruarekin haserretuko nintzateke. Ilusio handia paratu nuen saioan, eta ilusio handia egin zidan berriz ere txapeldun nintzela jakiteak».
Azpitxapeldun, 405,5 punturekin, Estitxu Arozena izan zen. Hirugarren postua Julen Zelaieta beratarrak lortu zuen 393 punturekin. Laugarren Joxe Juan Zubieta "Etxabe" izan zen, 391rekin; Jon Barberena bosgarren 382rekin; Xabier Legarreta “Arano” ondotik 380 punturekin; eta Juan Mari Lopez eta Ibarra zazpigarren eta zortzigarren, 365,5 eta 356,5 punturekin. Gainera, sailkatutako lehenbiziko lauek, Xabier Silveira, Estitxu Arozena, Julen Zelaieta eta Etxabek Euskal Herriko txapelketa nagusirako txartela lortu zuten. Nafarroako txapelduak adierazi duenez, «Nafarroako txapelketa bukatu berri da eta ez dut txapelketa nagusian pentsatu nahi oraindik. Ez dakit zer lan egin beharko dudan udaberrian eta udan txapelketa nagusia prestatzeko. Dakidana da orain lau urteko lana hobetzeko helburuz joanen naizela ni txapelketara, eta horrek erran nahi du finalean ez banaiz sartuko hor-hor egonen naizela. Hamargarrena egin nuen eta ez da izanen hura errepikatzea. Baina helburu horrekin prestatuko dut txapelketa nagusia».
Jende parrasta bildu zen Lakuntzako pilotalekuan finala ikustera eta giro ederra izan zen saioan. Azken 24 urteetan Sakanan egin den lehenbiziko finala izan da aurtengoa. Antolatzaileak hagitz gustura zeuden bai finalak bai txapelketa osoak izandako martxarekin.