Herria maldaz betea egonagatik, hizkuntzaren alde egiterakoan ez da sekula aldaparik herritar gehienen edo ia gehienen artean. Korrikan parte hartzean, euskararen aldeko korrikaldian partaide garela erran nahi du, baina egunerokoan ere euskararen aldeko bidea, hitzez ez ezik ekintzez ere islatzen segitu behar dugu. Nolanahi ere, martxoaren 12ko goizean, herriko ordezkaritza bat eskualdean korrika pasatzearen lekuko izan zen. Gazte Asanbladak, Herriko Etxeak, Ekaitza Elkarteak eta Herri Eskolak kilometro bana hartu eta lekukoa elkarri pasatuz, lau kilometroetan laster egin zuten. 368tik hasi eta 371. kilometroa pasatu arte bertzeak-bertze herritarrez osaturiko tropela izan zen. Sunbillako tuneletik Berrizaungo bidegurutze arteko zatia egin zuten.