Udaberriko giroa aste bat lehenago sumatu dugu eta urtesasoian sartu berritan, Aste Santuko egunetan gaude. Ohi bezala, oporretan daude herriko ttikienak hamar egunez; bertze zenbaitek ere zubi luzea izanen dute egun hauetan; eta eliztarrek, aldi honetan ere, asteburu normaletan izaten diren bi mezez gainera, ortzegunetik arratsaldez Aste Santuko elizkizunak izanen dituzte.
Iaz ez bezala ordea, aurten beranduxeago, gimnasia eta aerobik ikastaldiak abiatu dira. Hilabete hasieran, 25 inguru hasi ziren ikastaroetan. Astean bitan ari dira, astearte eta ortzegun arratsaldetan. Lehenengo ordua gimnasia egiteko, 18:30etatik aitzinera; eta 19:30etatik 20:30etara aerobik saioa egiten dute. Mari Sol Sarratea legasarra irakasle dute eta gorputza mugitzeko saioak eskolako gimnasioa gune dutela burutzen dituzte.