Drogen menpekotasunei aurrea hartzeko herri planaren gidaliburua

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 14a

Berako etxe guzietan banatuko den liburuxka aurkezteko Prentsaurrekoa eskaini zuten Txus Congil eta Jon Abrilek

Berako Udaleko Gizarte Gaietarako Batzordeak bultzatutako Komunitatean drogen mendekotasunei aurrea hartzeko “Bera” herri plana biltzen duen gidaliburua aurkeztu da asteazken goizean Berako Udalean egindako prentsa agerraldian. Askagintzako Txus Congil eta Udaleko alkateorde Jon Abril aritu dira prentsaren aurrean.

Joan zen urteko martxoan aurkeztu zen Berako drogen mendekotasunerako plana, Berako Udaleko Gizarte Gaietarako Batzordeak bultzatua, Askagintzak kudeatua, eta Nafarroako Gobernuko Drogen menpekotasunerako Planak eta Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak babestua. Aurkezpen harrez gero, eragile, herritar eta sektoreko profesionalek euren ekarpenak eta zuzenketak egin zizkioten planari, eta joan den udazkenean planaren segimendurako batzordea osatu zen. Bertan parte hartzen dute Askagintzako eta Udaleko kideekin batera osasun eta hezkuntza arloko profesionalek, gurasoek, eta gaiarekiko interesa duten hainbat pertsonak.

Orain, plan osoaren laburpena biltzen duen gidaliburua argitaratu da. Gidaliburuaren 1.500 ale argitaratu dira, eta Berako etxe guztietan banatuko da, doan. Liburuxka euskarazko eta gaztelaniazko edizio bakarrean argitaratu da, eta plan osoa biltzen duen CDa ere darama erantsita, gaiarekin lotura duten bertze dokumentu batzuekin batera.

Bertan, xeheki ageri dira plana gauzatuz gero garatu beharreko programa eta proiektuak. Plana 2006-2010 urte arterako proposamena da. Dagoeneko lanean ari dira. Zuzenean 52 irakaslek, 500 ikaslek eta 50en bat gurasok parte hartzen ari dira aktiboki planean.

Liburuxkak 5 atal ditu: Droga mendekotasunen fenomenoa eta planaren nondik norakoak, diagnostiko komunitariorako bidean, hausnarketa estrategikoa, planaren xedeak, helburu orokorrak eta konpromisoak, eta planaren programak eta proiektuak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun