Erdi Aroko bigarren Azoka

Aitor AROTZENA 2007ko otsailaren 14a

Salmenta postuez eta erakusketez gain, egun osoan karrika animazioa izanen da Erdi Aroko Azoka egunean. TTIPI TTAPA

Lesakako Kultur Batzordeak, Bertizko Partzuergo Turistikoaren eta Cederna-Garalur erakundearen laguntzarekin Erdi Aroko Bigarren Azoka antolatu du apirilaren 3an. Joan den urtean lortutako arrakasta ikusita, aurten feria honen egitaraua sendotzea eta ekitaldiak herrian barna zabaltzea erabaki du Udalak. Plaza Zaharra ez ezik, Zabaleta dorrea, Alondiga, Bittiria karrika eta aparkalekua izanen dira Erdi Aroko Azokaren ekitaldien lekuko.

Goizeko 10etatik iluntzera arte karrika animazioa, haurren txokoa, tailerrak, jokoak, salmenta postuak izanen dira. Karrika animazioari dagokionez, Maimur taldea, falkoneria edo zetreria, magoa, perkusioa, orkestra gizona eta bertzelakoak ikusiko dira. Tailerretan eta salmenta postuetan, keramika, beira, harria, ehoziri edo bolilloak, urrelantzea, loreak, forja eta bertzelako eskulanak egiten ikusi, ikasi eta erosteko modua ere izanen da. Txoko ezberdinetan, usadiozko jokuetan aritu edo gazta, ogia eta bertako produktuak egiten ikasten ahal da. Goiz eta arratsaldez, XVI. mendeko euskal jantzien erakusketa izanen da Alondigan. Lesakara egunpasa joateko bertze aitzakia bat ere izanen da, zortzi lagunendako Erdi Aroko bazkaria Kasino jatetxean zozketatuko baita. Zozketa 13:00etan eginen da Plaza Zaharrean. Eguna giro ederrean akautzeko, 18:30etan Plaza Zaharrean Muxikoen dantzaldia eginen da Patxi Perezek gidatua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun