Gipuzkoako promotore batek Zalainen merkatal-gune bat eraikitzeko gogoarekin Berako udalera zuzendu da jakiteko zein izanen zen haien jarrera horrelako proiektu baten aitzinean. Zerbitzu gunea Condesaren lur eremua zenaren Zalain ostatuaren errepidearen beste aldean egiteko asmoa zuen Gipuzkoako enpresak. Harremana ofiziala ez bada izan ere, udaleko erantzuna alde batekoa izan da, ezetza borobila. Udaletik jakinarazi dutenez, Beran horrelako azpiegiturak kalte handia eragingo lieke bertako zerbitzu emaileei. Gainera industriarako eremu gutti izanik egokiagoa iruditzen zaie zati hori fabrika edo biltegi batentzat gordetzea. Bere garaian Ibardinen merkatal-gune bat eraikitzeari uko egin zitzaion, eta gaur egun politika berarekin segitzen dute udalekoek. Hala ere horrelako kontuetan haien esku-sartzea zenbatetarainokoa izaten ahal den zehazki ez dakitenez informazio gehiago jasotzen hasi dira presioa gero eta handia izaten baita.