Martxoaren 7 eta 8an Autorik Gabeko Egunak izan ziren Lesakan. Joan den urtean hasi eta hilabeteko lehen astelehen eta asteartetan egiten da egun hori Lesakan. Sentiberatze lana egin nahi da egun hauekin, karrikan autoan mugitzea ez dela beharrezkoa gogoratuz. Baina Autorik Gabeko Eguna ez da ingurumena zaintzeko Lesakako Udalak gauzatzen duen ekimen bakarra. Bertzeak bertze, trenbidea egokitu eta garraio publikoa sendotu nahi dituen proiektu zabalago batean murgildua dago eta horren berri emateko eskatu diogu Gabi Igartzabal, hirigintza eta ingurumen zinegotziari.
Lesakako Autorik Gabeko Egunen berri Iruñeko Ingurumen Saileko CRAN fundaziora ailegatu zen, Centro de Recursos Ambientales de Navarra delakora. Nafarroan kontzeptu hauek lantzen duen erakundea da eta interesgarria iruditu zitzaien herri ttiki batean horrelako lana egitea. Beraiek zuzendu ziren Lesakako Udalera, fundazio horretan parte hartzeko. «Mahai oso zabala da –dio Gabi Igartzabalek– arlo ezberdinak hartzen ditu eta esperientzia oso aberasgarria izan da. Errate baterako, mahai horretan dago Sidneyko Olinpiadan mobilitate estrategia antolatu zuen Nafarroako Unibertsitateko irakaslea. Azken batean hiri handietan eta herri ttikietan, maila ezberdinean, baina arazo berdintsua dugu. Urte bat baino gehiago dugu mahai horretan lanean eta iruditzen zaigu emaitzak ekarriko dituela. Ez gara Lesakarako bakarrik ari lanean, ingurua kontuan hartzen dugu, Bortziriak, Malerreka eta Baztan aldera zabaldu nahi dugu lan hau».
Hiru zutabetan banatutako plangintza
Lan honek hiru ildo nagusi ditu: alde batetik, herri barnean, herri bakoitzak egin dezala bere herrian autoak eta jendea elkarbizitzeko estrategia, bakoitzak bere espazioa izan dezan. «Lesakako aurtengo aurrekontuetan sartua dugu partida bat, herriko muina edo erdigunean autoak baztertzeko, peatonalizatzeko. Horrek zer erran nahi du? Inguruan autoak uzteko tokiak prestatu behar direla eta herri barnea oinez edo bizikletaz mugitzeko antolatu».
Bigarren zutabea, herriak oinezkoendako edo bizikletendako bideen bitartez elkartzea izanen litzateke. «Herritik mugituta, trenbidez Bereautik alde batera, Berrizaun dugu eta bertze aldetik, bertan, Bera. Ongi begiratuta, izugarrizko pagotxa dugu, bide zelai-zelaia daukagu eta Lesaka eta Bera arteko harremana bizikletaz landu nahi dugu. Zer egin behar dugu? Bide horretatik herri arteko komunikazioa hobetu. Bereautik Alkaiagako tunelera bitarte konpondu behar dugu, ia 6.000 euroko aurrekontua dugu aurten, zola txukundu eta tuneletan, bai Tellegikoan baita Igantzi aldera Onbordikoan ere, argia paratuko dugu» dio Igartzabalek.
Bertze lan ildoa garraio publikoa da: «Inguru honetan garraio publikoa zaharkitua dago, aspaldiko eskemak ditu, duela 40 urte berdin-berdin zegoen. Egoera zein den eta zein diren beharrak ikusteko lantzeko asmoa dugu. Mahai horretan beharrak ikusten dituzu, borondatea baduzu, baina herri hauetan baditugu gure mugak. Horrelako mahai batean aritzeak laguntzen dizu Nafarroako Departamentu ezberdinetan laguntzak bilatzen ere».
Garraio publikoaz eta trenabidea moldatzeko proiektuez gain, etorkizunerako bertze egitasmo batean ere lanean ari omen dira Lesakako Udalean. Asmoa, Bereau eta Biurgarai bitartean oinezko eta bizikletendako bidea moldatzea da. Beko Errotatik Bereau bitarteko kilometro terdiko zatia prestatzea izanen da zailena, bertatik trafiko ugari igarotzen baita.
Mugikortasun jasangarria
Mugikortasun jasangarriaren kontzeptua lantzen ari dira Iruñean egiten dituzten bileretan. Zer da hori eta nola gauzatzen ahal da autoen, motoen eta kamioien menpe dagoen gizarte honetan? Gabi Igartzabalek aipatu digunez, «inori ez diogu erraten autorik ez erosteko, badakigu beharrezkoa dela. Baina autoa hartu baino lehen pentsatu behar dugu bertze nolabait ezin ote den egin bidai hori. Kontzeptu honetan hagitz garrantzitsua da garraio publikoa. Jendeari kalitatezko garraio publikoa eskaintzen badiozu, horrek aukera izanen du autoz egiten dituen joan-etorri batzuk autobusean egiteko, autoa guttiago erabiltzeko. Azken batean autoak lekua behar du eta hemendik autoz Iruñera edo Donostiara joan ondotik, han autoa aparkatzeko arazoa duzu berriz ere. Datu ofizialak hor daude eta publikatuak daude. Orain arte beti pentsatu izan dugu kutsadurarik handiena industriak sortzen duela, baina zientifikoek agertu dute kutsaduraren %30 edo 40a guk sortzen dugula gure auto edo kamioiekin. Mugikortasun jasangarriaren kontzetua horixe da azkenean. Aitzinera begira ez du balio handitu eta handitu egiteak, muga batzuk badirelakoz, bai toki aldetik, espazio fisiko eza, baita geroko ditugun ondorio latzen aldetik ere, hau da, kutsadura».