Ameriketan artzain

Ainara MINDEGIA 2007ko otsailaren 14a

TTIPI TTAPA

Lesakako artzainek topaketa egin zuten urriaren 28an

Urriaren 28an, Artzain Mundua Fundazioak hitzordua zuen Lesakan. Ameriketara lan hori egitera joan ziren hainbat lesakar gonbidatu zituzten beraien esperientziak kontatzeko. Herriko 15 artzain ibilitakoak bildu ziren, baita Sunbillatik eta Etxalartik hurbildutakoak ere. Beraien kontakizunak aditzeko berriz, jende frango bildu zen Beti Gazten, 50 bat lagun. Protagonista nagusiei hitza eman aitzin, Miren Elgarresta Artzain Mundua Fundazioko presidenteak azaldu zituen elkartea eta horrelako topaketak antolatzeko helburuak: «Artzaintza da mundu osoan ezagutzen dugun lanbide edo bizimodu zaharrenetako bat eta honen inguruko bilkura handia egiten ahal zela gogoratu zitzaion Arantzazun Eduardo Urarteri». Ordura arte giro formala egon bazen ere, artzainek hitza hartu zutelarik giroa alaitu zen, umorea nagusituz. Denbora joan ahala, gero eta istorio bereziagoak entzun zituzten bildutakoek. Umorez gogoratzen badituzte ere, aski istorio gogorrak ere aditu ziren. Angel Igantzik Ameriketarako bidaia gogoratu zuen. «1952an abiatu ginen, Parisetik ez dakit non barna eraman gintuzten eta Terranovan dena elurrez estalia zegoen. Hiru egun eman genituen jan gabe, ez genuen dirurik, ez genuen inorrekin elkar entenditzen eta hantxe!». Leon Bereauk, sei hilabetero Lesakara bisitan etortzen bazen ere, 42 urte pasatu ditu Ameriketan eta behin lehoi batekin topo egin omen zuen: «zer habil hemen, tocayo!» erran eta alde egin omen zuen: «Hark ez zuen nerekin egoteko gogorik, ezta nik ere harekin! Animali ederra zen, yeah!». Periko Zubiriak, berriz, Ameriketan ikasi zuen ogia egiten, Felipe Mendegiaren laguntzarekin. Halere, lehen aldian ez omen zen nahi bezala ateri. «ogi masa egin nuen eta labean sartu. Ordu baten buruan, labearen gaineko tapa jo zuen, okertu eta ogirik ezin ateri!».

Artzain guziek bazuten hamaika istorio eta arrats guzia lehengo kontuak aipatzen pasatu zuten. Bitartean, talo batzuk jan zituzten eta sagardo pixka bat edan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun