Donostiako Musikene kontserbatorioko ikasle batzuk akordeoi kontzertua eskaini zuten joan den astelehen arratsaldean Berako Isidro Fagoaga musika eskolan. 6 musikarik parte hartu zuten, Cristina Cortina, Naiara Garai, Marina Hernaez, Saila Korhornen, Nerea Perez eta Leire Teiletxea, hainbat sari irabazi dituen beratar gaztea. Entzunaldi horren kari 30 bat lagun hurbildu ziren musika eskolara, gehienak bertako ikasleak zirenean.
Leire, Naiara eta Marina osatutako hirukoteak kontzertuari hasiera eman zion Widoren 5. Tocata eskainiz. Ondotik Leire ez ezik, bertze 5 musikariek Holbornen Suite delako partidura jo zuten. Entzunaldiko 3. eta 4. zatiak herriko musikariak eman zituen bakarlari moduan, Ravelen Pavana eta Guridiren Ofertorio. Horretarako antzezpen bereizia egin zuten. Argi guziak itzali eta, musikari gaztea kandelez inguratuta aritu zen erdi ilunpean. Azken haurreko partidura Wesmanen duoa izan zen, eta izenak dioen bezala, bi lagun aritu ziren oholtzaren gainean, Nerea eta Cristina. Bukatzeko Marina, Cristina, Saila eta Leirek Piazzollaren Ballet Tango eskaini zuten.