• Iker Tainta Noble aurrelari lesakarrak otsailaren 10ean debuta egin du profesionaletan, Garfe enpresaren eskutik.
• 20 urte bete zituen azaroaren 12an. Jose Luis aita urtetan pilotari izan zen afizionatu mailan eta Benito aitatxia pilota irakasle izan zen Lesakan. «Irakasle gogorrenak beraiek izan dira» dio Tainta gazteak.
• Pilota munduan ez ezik, edertasun lehiaketetan ezagun egin zen joan den urte akabailan. Mister Lur izan zen Elizondon eta Nafarroako lehiaketan Mister Simpatia.
Profesionaletan debutatzeak ez du ezustean harrapatu Iker Tainta. «Hasieran ez nuen hain abudo izatea espero, baina joan den udan zerbait aipatu zidan Garfeko arduradun batek eta neguan debutatuko nuela konfirmatu zidan. Hagitz kontent nago eta ikusiko dugu maila hobetzen dugun poliki-poliki».
Iker Tainta aurrelari garaia da (1,84 m) eta bere burua errematatzailetzat jotzen du. «Oraindik kosta egiten zait pilota gibelera bota eta tantua lantzea, sobera abudo saiatzen naiz sartu eta tantua akautzen. Nere fuertea bolea dela uste dut». Ezker peto-petoa izanik, zer hobetu behar duen ere garbi badaki, «eskuina».
Afizionatuetako azken urteak Doneztebeko Erreka elkartean eman ditu. Orain arteko palmaresa begiratuta, Logroñon lau terdiko El Cortijo txapelketa irabazi zuela gogoratzen du Taintak. «Lehengo urtean ongi ibili nintzen binakako txapelketetan ere, finalerdi aunitzetan izan nintzen, baina finalerako pausu hori falta zitzaidan. Pena da, baina halere, nere jokuan aitzinera egin nuela somatu nuen».
«Urte honetan indarra hartu eta jokuan hobetu nahi dut»
Telebistan agertzen ez dena, ez omen da esistitzen eta alde horretatik, Garfeko partidak ez dira Aspe, Asegarce edo Frontisekoak bezala, telebistan agertzen. Baina horrek ez du bereziki penatzen Iker: «Nik urtebeteko kontratua dut eta denboraldi hau ikasteko da. Nere asmoa indarra hartzea eta jokuz hobetzea da. Presarik ez dut, oraindik gaztea naiz. Enpresa honetan, zakur zahar aunitz badaude eta seguru ikasiko dudala! Gainera, Garfek badu harremana Asperekin eta ongi bazabiltza, beti baduzu aukera udan partiduren bat Aspekoekin aritzeko. Beti goiti aldera apuntatu behar da!». Ikerren aita, Jose Luis, afizionatu mailako pilotari ona izan zen eta aitatxi, Benito, pilota irakaslea Lesakan. Nolabait, pilotarako grina odolean daramala erraten ahal da. «Biekin aunitz ikasi dut. Aita izan da nere irakaslerik gogorrena, bera pilotari izan zen eta beti gelditzen da txirrinta hori». Edertasun lehiaketaren batean irabazle suertatzeagatik ere famatu da eta etorkizunera begira, arlo hori ere ez du baztertzen Ikerrek: «Esperientzia berria izan zen neretzat. Ez da inoiz nere ametsa izan, baina ongi pasatzeagatik egin nuen». Bere partidetan ikusle aunitz izatea gustatzen zaio lesakarrari, baina «pilotan ongi aritzeagatik, ez guapoagoa edo itxusiagoa izateagatik».