Pelettikiko ludoteka zerbitzuak ikasturtea abiatu du urte hasieran

Nerea ALTZURI 2007ko otsailaren 12a

Zortzi neska-mutikoak gustora joaten dira goizero ludotekara. ttipi-ttapa

Julen Zelaieta beratarra ludotekako begirale lanean ari da

Ilbeltzaren 2az geroztik ludotekak bere ateak irekiak ditu. Iaz udazkenean adierazi moduan, guratso batzuk ekimen hori abian paratu eta gauzatua da honezkero. Hilabete pasatxo egoitzaren egokitzapen lanetan aritu ondotik, aski xoko txukuna gelditu da orain Pelettikiko gunea. Oroitzapen ederrak gordetzen ditugu xoko horretaz: Juanita andereñoarekin hainbat ikasle izan ginen ikastolako hasierako urte haietan eta orain ludotekan dituzten haurtxoen guratso batzuk ere ederki gogoratzen dituzte ikasturte haiek. Geroago, Aizali gazte taldearen egoitza izan zen zenbait urtez eta berriki arte berriz, Behar Bidasoa Bidasoaldeko Gobernuz kanpoko erakundeak herrian duen taldeak arropa bilketarako erabiltzen zuen.

Dindaia Fundazioak antolatu, Cederna Garalurrek bitartekari lanak egin eta herriko eskolak eta Udalak lagunduta aintzinera eraman da ludotekaren proiektua.Dindaia fundazioak bi urteko haurrentzat ludoteka antolatzen du eta diru-laguntza batzuk tarteko, eta guratsoek hilabetero egiten duten ordainketarekin martxan jarri zen egitasmoa udazkenean. Orduan egin zen begirale lanetarako arduradunaren hautaketa proba eta aurkeztutako bortz lagunetatik puntuaziorik altuena Julen Zelaieta beratarrak lortu zuen.

Aski ezaguna da Julen, batez ere bertsolari bezala hainbatetan ikusi dugu plazetan. Berekin solasteko aukera izanta, duela bortz urte akautu zituen arlo honen gaineko ikasketak eta lantegi batean denboraldi batez lan egin ondoren aukera hau suertatu zaio. Hasieran beldur pixka bat baldin bazuen ere bakarrik lan honetan murgiltzeko, erronka bat izan omen da beretzat. Aste batzuk pasatu diren honetan, gustura omen dago. 9:00etatik 13:00ak bitarteko lanaldia du.Zortzi haurtxo joaten dira ludotekara, edo beuren gurasoek erraten duten bezala, haurtzaindegira. Bi eta hiru urtekoak dira eta herriko eskolan hasi aintzinean egokitzapenerako ez zaie batere gaizki etorriko. Beñat, Gaizka, Lorea, Mikel, Aitor, Leire, Aiora eta Imanol hagitz kontent joaten omen dira goiza pasatzera. Heldu den uztaila akaberara bitarte ikasturtea luzatzea espero da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun