Gure Txokoako batzarra ezustekorik gabe iragan zen

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 6a

Iamoteneako erreka aldera ematen duen terraza moldatu eta hetsiko dute

Gure Txokoa Berako kultur eta kirol elkarteak batzar orokorra egin zuen joan den ortzirale arratsaldean Iamotenean. Aurten ere bazkide gutti bildu ziren, 15 bat bakarrik, baina joan den urtean baino bikoitza. Hasteko, joan den urteko akta onartu zuten. Bat ez ezik aurreikusi zituzten proiektu guziak bete zituzten. Egin gabe utzi zutena Matzada futbol zelaiari zegokion. Moldaketa lanak egin nahi zituzten, baina azkenean haien jabetasuna ez zela hauen ez egitea erabaki zuten. Akta onartu eta gero, kontuak aztertu zituzten, eta horietan ere ez zen arazorik izan. Hala ere konturatu ziren elkarteko ostatuan ohi baino diru gehiago falta zela. Hori dela eta neurri batzuk hartzea pentsatu dute. Ekitaldiei begira balantze aberatsa egin zuten, ohiko egitasmoei, Iñude eta Artzaiak, Dantza ikastaro, bestetako saio, Lizuniagako igoera, Olentzero eta Joste Salberi 75 urteurreneko ospakizunak gehitu zituzten, hala nola, mus txapelketa, uztailaren 1ean ospatutako Gure eguna, Errealeko bi jokalari gomitatzea, eta dantza eta futbol taldeari buruzko argazki erakusketak.

Bukatzeko etorkizunari begira jarri ziren, eta aurtengo proiektuak aipatu zituzten. Ohiko ekitaldiekin segitzeko asmoa dute, eta Iamotenean moldaketa lanak aurreikusi dituzte, tartean elkarteko giltza karta sistema baten bitartez paratzea, eta erreka aldean dagoen terraza berreskuratzea eta hestea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun