Urteroko hitzordua ailegatu zaie herriko gaztetxoei. Aurten ere, aspaldiko urteetan bezalaxe, herritarrak prestatzen ari dira edizio berrirako. Heldu den apirilaren 10ean, igandean goizez txapelketako lehen saioa izanen da. Aste Santuko oporraldiaren ostean, entrenamenduak eta saioak izanen dira hurrengo asteburuetan. Gainera, aurten badirudi, aranztarrak ez direla bortziriar bakarrak izanen.Nolanahi ere, hiru talde eratu dira eta dagoeneko entrenamendu saioak ere abiatu dituzte. Panttaleon Errandonea eta Joxe Ramon Amoros maixu dituztela, astelehenetan eta ortzegunetan, arratsaldeko bortzetan proba konbinatu eta soka tiraldi saioak egiten dituzte. Azken urtetan bezala, Narbarteko ordezkarien laguntzarekin, Sokatira lehiarako ere kadeteen taldea osatu da. Bertze bi taldeek, proba konbinatuko lehiaketetan esku hartuko dute. Hurbil-hurbiletik segituko dugu ekimena. Edozein modutan, heldu den igandean, hilaren 10ean herriko frontoian dugu lehenbiziko hitzordua.