Guardia Zibilak Beran atxilotutako Zaine Rekondo Lesakako gaztea espetxeratzeko agindu zuen martxoaren 21ean Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Andreu epaileak eta Soto del Real kartzelara bidali zuen. Guardia Zibilaren esku inkomunikaturik egondako bost egunetan jasotako tratua txarra izan dela adierazi zion bere abokatuari eta amari, elkarrekin egon ahal izan zuten tarte laburrean. Halere, Zainek ezin izan zuen tratuaren inguruko zehaztasun gehiagorik eman, abokatuak azaldu zuenez "oso urduri" baitzegoen. Epailearen aurrean ere inkomunikaturik izan zen. Auzitegi Nazionalaren atarian autobusean Lesakatik joandako lagun eta senide aunitz bildu ziren, baina poliziak urrundu egin zituen eta tentsio uneak bizitu ziren.
Martxoaren 17ko goizaldean atxilotu zuten Zaine Rekondo, Berako etxean. Haren etxea miatzeaz gain, senideen beste bi etxe ere miatu zituen Guardia Zibilak Lesakan. Zaineren senide, lagun eta hainbat herritarrekin batera, Lesakako eta Berako udalak ere kezkatuta agertu ziren inkomunikatua zegoen bitartean jaso zezakeen tratuagatik eta prentsaurrekoa eskaini zuten Herriko Etxean. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Euskal Herrian Euskaraz taldeak eta bertze hainbat erakundek beraien elkartasuna adierazi zioten. Zaine inkomunikatua egon zen bitartean, egunero egin ziren batzarrak Lesakan, nahiz eta Guardia Zibilak manifestazioak egitea eta hogei lagun baino biltzea debekatu.