Euskaldunak garelakoz zigortuak

Utzitako argazkiak 2007ko otsailaren 5a

Zaine Rekondo lesakarra atxilotu dute, eta kartzelaratu, eta, lerrook idazten ari garen bitartean jakin dugunez, inkomunikatuta egon den egunetan tratu txarrak jasan dituela salatu du. Bertze tortura kasu bat.

Idazki hau izenpetzen dugunok, haren lankideak gara Bortzirietako Euskara Mankomunitatean, eta atxilotze honek sorrarazten digun gogoeta argitaratu nahi dugu.

Erran dezagun, lehenik eta behin, Zaineren atxilotzeak euskararekiko erasoa ekartzen digula gogora; erasoaren bertze urrats bat. Anitza eta aspaldikoa baita euskara jasaten ari den jazarpena, euskaldunok jasaten ari garen jazarpena. Gure izaera bera ukitzen duen jokaera. Hemezortzigarren eta mhemeretzigarren mendeetara joan gabe, Francoren diktaduraldiko urte gogorrak berritu gabe, hondar urteak ere aski azpimarragarriak dira euskaldunon zapalkuntzan; PPren agintaldikoak batez ere, nahiz eta PSOEren gobernu berriak hamaika aldiz agindu dituen haize berriak oraindik ez diren Euskal Herrira iritsi.

Hori gutxi balitz, Nafarroan, UPNren saiatze berezia dugu. Euskara erabiltze eta lantzeari oztopo gero eta gehiago paratuz, eta beraiek egindako legeek –Konstituzio espainolak nahiz Nafarroako euskararen legeak– euskarari eskaintzen dioten babesa ukatuz.

Herriak agintzen omen duen urte hauetan, herriaren eta herritarren eskubideak errespetatzen omen diren aroan, demokrazia izena daramana, euskararen eta euskaldunon eskubideak gero eta ukatuagoak bizi ditugu: euskarazko zerbitzu publikoak, eta administrazioko harremanak kentzen edo zailtzen ari zaizkigu; euskaltegi, euskara zerbitzu, eta komunikabideei diru laguntzak murrizten; izateko baimena bera ere ukatzen, euskarazko irrati eta telebistei, erraterako; ikastetxeetako ateak estutzen gurea den hizkuntzari, eta kanpokoak direnei zabaltzen, kultur ikuspegi anitzekoak direlako itxura eta aitzakiatan; horiek ez aski eta euskarazko lanpostuak gutxitzen, euskaraz ari direnei bertze lanetarako bideak ixten; etab.

Azkenaldian, ordea, eskubideak ez errespetatzea nabarmen gainditu dute, eta eskubidea delitu bihurtu. Ondorioz, zer eta euskarazko lantegiak eta komunikabideak itxi, euskarazko lanbideetan dabiltzanak atxilotu, epaitegietara eraman, ehunka mila euroko fidantzak eskatu eta kartzelako zuloan sartzen ari dira, horietako anitz, gehienak, tartean torturaren tunela igarota.

Testuinguru horretan ikusten dugu guk Zaineren atxilotzea. Bortzirietako Euskara Mankomunitateko Aholkularitza Batzordean lankide izan dugu, eta dugu; Lesakako Euskara Batzordeko kide ere bada; Berako Labiaga Ikastolan irakasle lanetan aritu da aitzineko urteetan; gaur egun Euskal Herrian Euskaraz taldean dabil buru-belarri, eta preziski II. Hizkuntza Eskubideen Eguna antolatzen ari zen azken egunotan. Euskalgintzan erabat murgildua. Ibilbide horrek eraman du Zaine kartzelara: guretzat eredugarria den ibilbidea bertze batzuentzako delitu da, bortizki atxilotu, inkomunikatuta eduki, torturatu eta kartzelaratzeko arrazoia.

Horra bada, euskalduna euskaldun izateagatik, euskaraz aritzeagatik, euskaraz bizitzeagatik, gaitzetsia eta zigortua, epaiketarik gabe epaitua.

Oraingoz ez dugu asmatu; nahikoa lan dugu botatzen gaituzten aldi oro lurretik altxatzen. Baina dinamika honi buelta eman behar diogu. Zaine, eta hura bezalako anitz, gure artean nahi ditugu, behar ditugu. Euskararen eta euskaldunon izen ona berreskuratu behar dugu, lehenbailehen.

Pello Apezetxea
Iñaki Gogortza
Bittori Telletxea
Mentxu Peña
Urko Ikardo
Patri Arburua

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun