Status politikoaren alde, euskal presoak Euskal Herrira

Utzitako argazkiak 2007ko ots. 5a, 18:13

700 euskal herritar baino gehiago dira jadanik, mundu zabaleko kartzela desberdinetan sakabanaturik daudenak. Milaka berriz, atxilotuak, torturatuak, kartzeleratuak eta Euskal Herritik ihesean bizi behar izan dutenak.

Gatazka hau luzatzeko apustua egin duten bi estatuen aldetik, errepresioa eta zapalkuntza besterik ez da izan. Euskal preso politikoei sakabanaketa eta bakartzea aplikatuz, preso eta beraien senideen eskubide guztiak urratuz eta preso politikoa izaera ukatuz.

Hala ere, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa, dispertsioari gain hartuaz, preso gisa dagozkien eskubideen aldeko defentsan eta batik bat Euskal Herriaren eskubideen defentsan eragile garrantzitsua bilakatu da.

Gaur da eguna gatazka politkoa inoiz baino ageriagoan dagoena eta gaur da eguna, herriak behingoz gatazka hau (eta bide batez bere ondorioak) konpontzeko beharra inoiz baino ozenago aldarrikatzen duena. Gatazkaren konponbidea, euskal herritar guztien hitza eta borondatearen errespetutik etorriko da. Euskal herritar guztiek hitza libreki hartze bidean, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak ere zuzenean parte hartzeko aukera izan dezan, eta era berean gatazka politikoaren ondorio izanik status politikoa onartua izan dakion hiru hilabetetako borrokaldiari ekin diote presoek. Horren aurrean:

1-. Euskal Preso Politikoen Kolektiboa, gainontzekoeuskal eragileen gisan Euskal Herriaren hitza eta erabakia gauzatzeko bidean zuzenean parte hartzeko duen eskubidea aldarrikatzen dugu.

2.- Parte hartze hori behar den baldintzetan eman dadin, isolamendu eta sakabanaketarekin bukatu eta euskal presoek Euskal Herrian egoteko duten eskubidea gure egiten dugu.

3.- Aldarrikapen horiek gauzatu daitezen, martxan den presoen borrokaldiarekin bat egiten dugu.

4-. Borrokaldi hau babesteko antolatzen diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu.

Lesakako Ezker Abertzalea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun