Jone Fagoaga lesakarrak ezin hobe hasi du 2005 denboraldia skeet olinpikoan. Apirileko lehen asteburuan Valladoliden jokatu zen Nazioarteko Sari Nagusian irabazle izan zen 21 urteko tiralari lesakarra, 75 plateretatik 57 hautsi ondotik. Eguraldi kaxkarrak ez zuen marka hobea egiten utzi.
Skeet konpetizioak aitzinera eginen zuen apirilaren 10ean, Elizondoko Tiro Zelaian Nafarroako txapelketa jokatuko baitzen, 50 plateretara. Jone Fagoagak ez zuen arazorik izan emakumeen txapelketa irabazteko eta osotara, hau da, gizasemeak eta emakumeak batera hartuta, bigarren izan zen. Konpetizio honetatik aterako da Nafarroako taldea Espainiako txapelketarako eta tiralari lesakarra taldean izanen da, noski, bera baita lehendabizikoa emakumeen Espainiako rankinean.
Valladolideko Nazioarteko Saria eta Nafarroako txapelketa irabaztea ez dira izan Jone Fagoagak asteotan izan dituen berri on bakarrak. Miguel Indurain Fundazioak asteartean banatu zituen Nafarroako kirolari eta teknikari ezberdinei urtero ematen dien dirulaguntza eta bekak. Guzira 193 kirolarik hartu zuten dirulaguntza eta Jone Fagoagak 6.010 euro jasoko ditu aurten, programa olinpikoaren barnean. Laguntza preolinpikoaren izenburupean, Lesakako tiralariak 4.808 euroko beka izanen du eta bertze 1.202 euro ekitaldietarako jasoko ditu.