Harritzeko moduko erantzuna eman zaio suhiltzaile taldea haunditzeko orain dela aste batzuk egindako deialdiari. Arazo pertsonalak medio, hiruzpalau bolondres taldea utzi beharrean gertatu dira azken urte hauetan. Arrazoi honengatik egin zitzaien herritarrei deia, eta baita ederki aski erantzun ere. 19 lagunek eman baitute izena bolondres moduan suhiltzaile izateko. Orain 50 orduko ikastaroa egin beharko dute.
Gai honekin jarraituz esan behar da, goizuetarren borondateak merezi hainbesteko eskuzabaltasunik ez duela agertzen Nafarroako Gobernuak suhiltzaile taldearekin. Parkea handitzeko hitzarmena sinatu zuten Goizuetak eta Gobernuak orain dela lau urte. Herriak lurra emanen zuen eta Nafarroako Gobernuak 2004an proiektua eginen zuen eta 2005ean obra. UPNren gobernuak ez du esandakoa beteko, eta 200.000 eurotik goitiko proiektuaren heren bat bakarrik ordainduko duela dio orain. Honen aurrean eman beharreko pausoak aztertzen ari omen dira orain udala eta suhiltzaileen taldea.