Ez dezagun ahantzi

Utzitako argazkiak 2007ko otsailaren 5a

Aupa lagunak, hasteko erran, egin dudan idatzi hau barru barrutik atera zaidala. Izandako bizipenetatik hain zuzen ere. Egin ohi dudan bezala, inortxorekin sartzeko borondaterik gabe, iritzi xume bat bertzerik ez da.

Egun gogorrak pasa ditugu, bai horixe. Orain ez denbora aunitz bezalaxe gure herriaren barrura sartu eta min egin baitigute. Berriro ere, gure herriak bizi duen zapalkuntza agerian gelditu da. Ateak txikitu, herritarrak bahitu, eta guztiok ixil ixilik, geldirik egotera behartuak izan gara. Hori hemen, demokrazian eta askatasunean bizi omen garen herri honetan gertatzen da. Urte guztian bezalaxe, egun hauetan ere, armen indarra nagusi. Guztia kontrolpean, salbuespen egoera.

Amorrazioz beterik egon gara, kezkati, gure lagunarekin gerta litekeenaren beldur. Bertze behin ere inpotentziarenn sentsazio horrekin. Ederki zapalduak eduki gaituzte.

Bizi dugun zapalkuntza horri aurre egiten ezagutu dut nik Zaine. Langile. Herri honentzat, Euskal Herriarentzat, etorkizun duin bat eraikitzen jarduten duen horietakoa da gure laguna. Horrexegatik izan da bahitua eta aldi berean jipoitua. Hori ere hemen gertatzen baita, jipoitu ia deuseztatzeraino. Ez dugu Guantanamo edo Irakera joan beharrik, basakeri hori hemen ematen baita egun. Izugarria. Diguten gorrotoaren adierazle garbia.

Begibistan gelditu da, bizi dugun zapalkuntzak sufrimendu latza sortzen duela. Jakina da, herri honek pairatzen duen gatazkak, irtenbide bat behar duela. Azken egun hauetan, Lesakan, herriaren gehiengoak bat egin dugu egoera salatzerako orduan. Bat egin genuen, konpondu gabeko gatazkak bizikidetasuna oztopatzen duela erraterakoan. Baita, horren aurrean, alderdi, eragile, eta norbanakoak ardura eta ausardiaz irtenbideak bilatzen ahaleginduko ginela genionean. Guztiok ados eta horrekin atera ginen kalera bertzeak bertze. Kontu honekin, balorazio positiboa egitea bertzerik ez.

Orain “normaltasunerantz” goazen honetan, barkaezina litzatekeen akats batetan erortzearen beldur naiz; Guztion artean hartutako erabaki horiek alboratu eta bertzelako interes batzuen men (inolaz ere ez herriarenak) jendarteari iruzur egitea. Urteetan egindako akatsak errepikatzearen beldur. Hala ere, uste dut, guztiok, egindako akatsetatik ikasiaz inorreri begira egon gabe, guk geurean jardungo dugula, arduraz.

Hor daude, erraterako, herritarren hizkuntza eskubideak, eskubide zibil eta politikoak, lan eta etxebizitza duin bat edukitzeko eskubidea… Guzti hauek eta gehiago dira, bizi dugun zapalkuntzaren ondorioz urratzen zaizkigun eskubideak. Oroitarazi, oraindik orain, Lesakako herritarren %20 inguru dagoela udalean ordezkaritzarik gabe. Hau, oinarri oinarrizko eskubidea delarik demokrazia batean. Poliki poliki gai hauei eta bertze hainbati beharko diegu, berandu baino lehen bada hobe. Ez dezagun ahantzi, gure eginbeharra izateaz gain, ezinbertzekoa dugula, Lesakan ematen diren urraketak baitira. Guk konpondu beharrekoak, beraz.

Bukatzeko, gutun honen bitartez besarkadarik beroena bidali nahi nizuke Zaine, hori egiten ere debekatu baitigute. Aupa Zaine, zurekin egon gara, gaude eta egongo gara beti. Bihotz bihotzez eutsi gogor ostia! Gurekin behar zaituztegu eta. Gainerako preso eta iheslariak gogoan, lanari ekin behar lehenbailehen. Aitzakiak alboratu, indarra hartu eta ardura eta ausardiaz aurrera.

Iban Maia Ormazabal
Herria Antzinera
Lesaka

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun