Berako Agerra Mendi Taldeak, Larun Mendi Taldeak, Gure Txokoa elkarteak eta udal kirol batzordeak antolatuta Berako I. Mendi Maratoi Erdia egin zen apirilaren 17an. Antolatzaileek, hasiera batean gehienez 150 lagunendako lekua izanen zela aipatu baldin bazen ere, eskari handia ikusita 200era igo zen kopuru hori eta azkenean, igandeko eguraldi kaxkarrari aitzin eginez, 248 izan ziren dortsalarekin parte hartu zuten korrikalariak. Horretaz gain, dortsalik gabe ere hainbat lagunek osatu zuten proba. Irteera goizeko 9:30etan eman zen Toki-Ona kiroldegian eta partehartzaileek 21,097 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten, %10 errepidez, % 45 mendi pistaz eta %45 mendi bidexketatik. Guzira 1.215 metro goiti eta 1.110 metro beheiti egin behar izan zituzten. Beratik abiatuta, Manttale, Ibardin, Landagaineta, Larun eta Landagainetan barna berriz ere Berara itzuli ziren kirolariak.
Horien artean lehendabizikoa Hiru Herri taldean ari den Fernando Etxegarai beratarra izan zen, ibilaldia ordubete 44 minutu eta 33 segundutan osatu ondotik. Bigarren postua Joxe Mendiolarentzat izan zen, (1h 47’44”) eta hirugarrena Arkaitz Zamakolarentzat (1h 51’ 11”). Josu Luis Loiarte beratarra bederatzigarren izan zen, Xabier Zubieta beratarra hamargarren eta Patxi Irazoki igantziarra hamekagarren.
Emakumeen artean Alicia Romero izan zen irabazlea, ibilbidea bi ordu, 15 minutu eta 12 segundutan egin ondoren eta bigarren postua Nerea Amilibiarentzat izan zen (2h 20’ 58”). Gizonezkoen beterano mailan Iñaki Mendoza izan zen irabazlea ordubete, 55 minutu eta 54 segunduko denborarekin. Juan Carlos Kortak (2h 01’ 59”) eta Luis Urrusolak (2h 02’ 41”) osatu zuten podiuma. Emakumezkoen beterano mailan, Antonia Gil izan zen irabazlea 2 ordu 38 minutu eta 28 segunduko denborarekin, Karmele Isuzkizaren aitzinetik. Hobnek 3 ordu 09 minutu eta 08 segundu behar izan zituen ibilbidea osatzeko.
Lasterka egiteaz gain, antolatzaileek mendi ibilaldia antolatu zuten Usategietara, nahi zuenak proba pasatzen ikusteko. Usategietan pasatzen ikusi ondotik, berriz ere kiroldegi aitzinera itzuli ziren, helmuga ikustera.
Antolatzaileak hagitz gustora daude lehendabiziko proba honek izandako arrakastarekin eta heldu den urtean berriz ere prestatzeko asmoa dute. Luis Mari Pikabeak adierazi digunez, Euskadiko Koparen egitarauaren barnean saiatuko dira, nolabaiteko ofizialtasuna emateko probari.