Kirol ekitaldietarako dirulaguntzak eskatzeko epea zabaldu du Berako Udalak. Interesatuak daudenek ezaugarri batzuk bete beharko dituzte, hala nola, Berako elkarteei dagokionez, dirua irabazteko helbururik ez izatea, eta pertsona fisikoei dagokionez herrian erroldatua izatea. Udalak argi utzi nahi du ez dela dirulaguntzak ematea behartuta, eta eskaintzen baditu, ekitaldiaren %50 baino gehiagokoak ez direla izanen. Hartutako erabaki bati buruz elkartea edo herritarra ados ez bada ezingo da errebisioa eskatu.
Diru kopuru bat eskatu ahal izateko, eskatzaileak dokumentazio zehatza aurkeztu beharko du. Horretarako www.berakoudala.net web orrian edo Herriko Etxean bertan eskura daitekeen inprimakia bete beharko da eskatzailearen datu, antolatu nahi den ekitaldi, diru sarrera eta gastuen berri emanez.
Kirol batzordeak erabakiko du nori eta zenbat dirulaguntza eman, baina aitzinetik dagoeneko finkatu dituzte irizpide batzuk. Kirolaren promozioa %28an baloratuko da, kirolaren kultura sortzea %10ean, gizartearen partehartze aktibo zabala errazten duten ekitaldiak %5ean, bertako kirol promozioa %6an, praktika berriei bultzada ematea %5ean, praktikatzaileen kopurua %36an, elitekoa izatea %6an, eta gizarteko sektore bereziei kirola praktikatzea erraztea %4an.