Kontu zikinak Lesakako Udalean

Utzitako argazkiak 2007ko otsailaren 5a

Hizkuntza eskubideen urraketa, hizkuntza politika inboluzionista, euskara eta euskaldunekiko diskriminazioa... Nafarroako Gobernuarekin eta UPNrekin lotzen ditugun kontzeptuak dira.
Artikulu honetan, baina, ikusiko duzue ez dagoela desberdintasun handirik UPN eta PNV/EAren artean, zehazki batak gobernuan eta bertzeak Lesakako Udalean daramaten hizkuntza politikari erreparatzen badiogu.
Itxuraz euskaltzale ageri zaizkigu, Nafarroako Parlamentuan hizkuntza politikari buruzko ponentzia eztabaidatzerakoan, Udalbidetik ikastolei diru laguntzak banatzerakoan, Nafarroako Gobernuak euskararen aurka hartzen dituen neurriak salatzerakoan... baina hori guztia itxura bertzerik ez da.

Idazkari eta kontu hartzaileak hautatzeko prozedura

Nafarroako Gobernuak toki entitateetako idazkari eta kontu hartzaileak hautatzeko prozedura berezia ireki du. Eta toki entitateen esku utzi du lanpostu horietan euskaraz jakitea nahitaezkoa izanen den erabakitzea. Eskatu beharreko euskara mailari dagokionez, zera dio: “Toki entitateek ez badute adierazten zer euskara maila hartu behar den kontuan lehiaketak ebazterakoan, Hizkuntza Eskola Ofizial bateko goreneko maila edo ofizialki horren baliokidea den titulazioa izanen da eskatu beharrekoa”.

2004ko uztailaren 5ean egindako bileran, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen Batzorde Erabakitzaileak —PNV/EAko Lesakako udal ordezkaria barne—, aho batez onetsi zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea EGA edo baliokidea izan zezatela lanpostu hori beteko zutenek; edo, bestela, maila bereko proba bat gainditu izatea. Lesakako alkateak ere hala zioen 303/2004 ebazpenean.

Maila jaitsi egin dute

Prozedura hau Nafarroako Gobernuak foru komunitateko hainbat toki entitatetarako ireki du, eta hutsik dauden idazkari eta kontu hartzaileen lanpostu andana bat betetzeko balio izanen du. Horretarako oposizio-lehiaketa murriztu bat antolatu dute.
Hortaz, prozedura garbia izanen balitz, lanpostu horiek lehiaketa-oposizioa gaindituko lukeen edozein izangaik eskura lezakeela pentsatu beharko genuke.
Lehen erran dugun bezala, behingoz bederen lege eta arau guztiak udalen alde daude idazkari eta kontu hartzaileen kasuan EGAren maila eskatzeko.
Bada, ez. Lesakako Udalean maila jaitsi egin dute. Oraingo idazkariari neurriko zapata egin diote. 203/2001 Foru Dekretuan oinarrituta, Lesakako idazkari eta kontu hartzaile izateko 1. jakite maila (hau da, hizkuntza eskola ofizial bateko 4. maila mintzamenerako, eta 3. maila idazmenerako) nahikoa izanen dela erabaki dute, PNV/EAko taldekideen sei bozkekin, eta Onin Udal Taldearen aurkako 5 bozkekin.
Hortaz, lanpostua oraingo idazkariak atera ez edo ez (apustu baietz), gerta liteke Lesakako Udalera berriz ere euskara maila nahikoa ez duen langile bat etortzea, baina oraingoan funtzionario izateko.

Bertze langileekiko diskriminazioa eta errespetu falta

Guk dakigula, orain udalean ari den kontu hartzaileak bere lanean aritzeko behar den euskara maila badu, eta etengabe ari da bere maila hobetzeko antolatzen diren ikastaroetan parte hartzen. Hortaz, idazkariarena estaltzeko kontu hartzailearen kasuan ere maila jaitsita, oraingo langileak lanpostua eskuratzeko zailtasun gehiago izanen ditu. Izan ere, kontu hartzaile lanpostua eskuratu ahal izanen dute EGA dutenek, baina baita 1. jakite maila dutenek ere.
Horrez gain, lanpostua berriz ere bere lana euskaraz egiteko gai ez den idazkari batekin betetzen bada, administrari batek jarraitu beharko du haren idatziak (aktak, erraterako) euskarara itzultzen. Are gehiago, berriki Lesakako Udalak administrari lanpostu baterako deialdia egin du, eta EGA maila eskatu du. Hau da, A eta B mailako lanpostuetan (idazkari eta kontu hartzailea hala dira) 1. jakite maila nahikoa da, eta C eta D mailako lanpostuetan EGA eskatzen dute. Tori bertze adibide bat, nahi baduzue: duela hilabete kontu hartzailea aldi baterako ordezkatzeko (lau bat hilabeterako) probak egin dira, eta horretan ere EGA maila eskatu dute. Ulergaitza.

Bertendona, nafar erara

Hasieran erran bezala, orain idazkari lanetan ari den langilea 1995az geroztik dago Lesakako Udalean. Orduan ere euskarari tratamendu duinagoa eman ziezaiokeen udalak, baina idazkari lanposturako euskaraz jakitea baloratu bakarrik egin zuten.
Geroztik idazkariak deus gutxi egin du bere euskara maila hobetzeko, nahiz eta aukerak izan dituen, bertze langileek bezala: euskara ikastaroak doan egin zitzakeen, lan ordutegian, ordezko idazkariarekin... gastu guztiak zeinek eta Nafarroako Gobernuak ordainduta!!
Kasu honekin gogora datorkigu azken hilabeteotan komunikabideetan ikusi duguna: EAEko hainbat irakasle Bertendona ikastetxean itxialdian, behar zuten euskara maila eskuratu ez, eta Eusko Jaurlaritzak kanporatu behar dituelakoz. Kasu berbera da Lesakakoa, baina itxialdirik ez da izan.
Alderdiek zerbait eginen ote duten galdetzen diogu geure buruari. Segur aski, ohi denez, udaletan hartzen diren erabakiak errespetatu eginen dituzte, eta ixiltasuna nagusituko da.
Erabakia hartzeko legeetan oinarritu omen dira; hori ez dugu eztabaidatuko. Baina denok dakigu neurri murriztailea hartu dutela euskararentzat eta euskaldunontzat. Haien esku zegoen euskarari eta euskaldunon hizkuntza eskubideei tratamendu duinago bat ematea. Urrats bat aitzinera egitea erabaki zezaketen —hori ere legezkoa izanen litzateke—, baina kontzienteki erabaki dute urratsa gibelera egitea.
Guretzat euskararen defentsan aritzeko zeukaten legitimitate apurra galdu egin dute.

Lesakako Euskara Batzordea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun