Berako Agerra Mendi Taldeak, Udalaren eta Nafarroako Kirol eta Gaztediaren Institutuaren laguntzarekin zazpigarren aldiz antolatutako Berako Mendi Itzulia igande honetan maiatzaren 22an eginen da. Itzuli honek 30 kilometroko ibilbidea izanen du, Jabier Zubieta, Loro Pikabea eta Jabier Telletxea antolatzaileek jakinarazi zutenez.
Agerra elkartetik Larretagaina edo Santa Barbarara igoko dira, 400 metrora. Handik, Idoia, Labiaga (618 metro), Lizuniaga, Kondendiaga, Larun (900 metro), Iasola Zaharra, Landagaita, Usategieta, Ibardin, Azkenbaita, Mandale (573 metro) eta Postan barna, berriz ere Agerrara itzuliko dira. Ibilbidea xamurragoa egiteko aukera eskaintzen dute antolatzaileek, Idoiatik zuzenean Lizuniagara joz, Labiagara igo gabe.
Ibilaldian parte hartzeko 6 euro ordaindu beharko dira. Izen ematea Agerra mendi taldearen egoitzan eginen da 6etatik 7:50ak arte. Ibilaldiaren irteera goizeko 7etatik 8etara izanen da. Antolatzaileek gutxienez 6 ordu eta gehienez 8 ordu eta 20i minutuko tartea utzi dute ibilbidea osatzeko.