Herriko musika bilketa egiteko beka deialdia egin dute Udalak eta Eusko Ikaskuntzak

Aitor AROTZENA 2007ko otsailaren 2a

Udalak eta Eusko Ikaskuntza erakundeak “Lesakako musika bilketa” izeneko beka deialdia egin dute. Bilketa honen bitartez, Lesakako seme-alaben eta Lesakarekin zerikusia izan duten musikagileen konposizio kultuak, musika herrikoia eta musika herrikoiaren gainean zenbait egilek egindako egokitzapenak bildu nahi dira. Horretarako, elkarrizketak eta grabazioak egin beharko dira, baita artxibo, liburutegi eta bildumen kontsulta ere. Bekaren diru hornidura 3.600 eurokoa izanen da eta sei hilabeteko iraupena izanen du, proiektu irabazlea aukeratzen den momentutik aitzinera. Hautagaiak egin beharreko lanaren arloan esperientzia izatea kontuan hartuko da eta bakarka nahiz taldeka aurkezten ahal dira. Hori bai, taldeka aurkezten direnean zuzendari bat izendatu beharko dute. Hautagaiak Eusko Ikaskuntzako kide izanen dira edo bertzela, lana hasterako kide izateko eskaera egin beharko dute. Beti ere, Lesakan edo inguruko herrietan erroldatutakoek lehentasuna izanen dute.

Bekaren eskaera, bi hizkuntza ofizialetan edo bietako batean, horretarako prestatuak dauden inprimakietan aurkeztu beharko dira maiatzaren 27a baino lehen Eusko Ikaskuntzaren edozein bulegotan. Inprimakiak ere Eusko Ikaskuntzaren bulegoetan edo www.eusko-ikaskuntza.org web-orrian eskura daitezke. Epaimahaia Eusko Ikaskuntzak eta Lesakako Udalak osatuko dute eta hautagaien artean egokiena zein den erabakiko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun