Zalaingo lanpostu-murrizketak ez

ttipi-ttapa 2007ko ots. 2a, 10:39
Etorkizunean, Zalaingo behin behineko langile kopurua plantilla osoaren %10a baino guttiagokoa izatea eskatuko du Enpresa Batzordeak. ttipi-ttapa

Langile ebentual guztiak, aldiz, lanik gabe geldituko dira 2007rako

Condesa enpresak Zalainen daukan lantegirako prestatu duen plan estrategikoan ageri den lanpostu murrizketak ez die langile finkoei eragingo. Bai ordea, behin behineko langileei, ebentualei, horietako berrogeita hamabortzek beraien lanpostuak galduko baitituzte bi urteko epean. Honela jakinarazi zuen Zalaingo lantegiko Enpresa batzordeak asteartean Nafarroako Parlamentuko alderdien aitzinean egin zuen agerpenean.

Jakina denez, 2005-2010 Plan Estrategikoaren arabera, Condesak 140 lanpostu murriztuko ditu Zalainen eta Aceralia-Arcelor enpresari Zalain erosi zioenean zeuden 480 langiletatik 340ra pasatuko dira 2007. urte erdi alderako. Gaur egun 420 langile ari dira, azken urte terdian ez baitzaie kontratua berritu behin behineko 60 langileri. Hasiera batean Condesak 34 langile finko ere soberan zeudela aipatu zuen, 15 bulegoetakoak, 8 mantenimendukoak eta 11 produkziokoak. ELAko bortz ordezkarik, LABeko lauk, UGTko bik eta Comisiones Obreras eta Confederacion de Cuadros sindikatuko banak osatzen duten Enpresa Batzordearekin zenbait negoziazio egin ondotik, zuzendaritzak asmo hori bertan behera utzi du. Honela, bulegoetako 15 langile eta mantenimenduko 8 langile finko horiek produkziora pasatuko dira. Hori bai, Zalainen dauden langile ebentual guztiek beraien postuak galduko dituzte hemendik 2007ko uda bitartean, kontratuak akautzen zaizkien neurrian.

Etorkizunerako Zalaingo behin behineko langile kopurua plantilla osoaren %10a baino guttiagokoa izatera mugatzen duen klausula bat sartzea nahitaezkoa dela iruditzen zaio Enpresa Batzordeari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun