Lesakako idazkariaren erantzuna

Utzitako argazkiak 2007ko otsailaren 2a

Maiatzaren 6ko Ttipi-Ttapa aldizkarian, bai Irakurleak mintzo sailan eta baita ere herriariari dagokion kronikan, Lesakako Idazkaritzari buruz sortutako eztabaida plazaratu zen.

Hori dela eta, puntu batzuk argitzea beharrezkoa iruditzen zait:
1 – Lesakako Udalaren idazkaritza lanpostuan, behin-behineko kontratuaren bidez, 1995eko otsailaren 20an lanean hasi nintzen. Aurrez, euskera azterketa idatzia eta ahozkoa gainditu nituen. Bestalde, hamar urte hauetan, nire euskera mailarengatik, sekula ez da arazorik sortu.
2 – 2002 urtean euskararen 11. urratsa gainditu nuen (12. urratsak EGA tituluaren balioa du). 3 – Hurrengo urtean EGA prestatzeko ikastarorako izena eman ondoren, azkenean ez nuen egin, Idazkaritzako lanak uzten ez zidalako. Geroztik, egoera ez da aldatu eta arrazoi horregatik niretzat beharrezkoak diren beste ikastaro batzuk (hirigintza edo informatika arlokoan batez ere) ez ditut egin. Zoritxarrez, eta Lesakako Udalaren egoera kontuan hartuz, epe motzean, behintzat, alde hortatik aldaketarik ez dela izango iruditzen zait.
4 – Nafarroako euskal zonaldean eta indarrean dagoen legediaren arabera, Udalek bi aukera dute euskerari dagokionez: baloratu edo exijitu. Orain arte Lesakako Udalak bere Plantilloa Organikoan ezarria zuena hau zen: lanpostu guztietan euskera jakitea, ahoz naiz idatziz. Baina ez ziren ezagupen mailak finkatzen. Horregatik, Udalak Hizkuntza Eskola Ofizialaren 4. maila eskatzea erabaki duenean, ez du euskera maila jeitsi, zehaztu baizik.
5 – Nafarroako Gobernuak 2005eko martxoaren 21ean hartutako erabakiaren arabera (apirilaren 11ko Nafarroako Egunkari Ofizialean argitaratutakoa), idazkari eta kontuhartzaileen lekualdaketa lehiaketetarako puntuaziotik % 80 a, Gobernuak berak ezartzen du: % 60a aintzinatasunaren arabera eta beste % 20a “prestakuntza, irakaskuntza eta ikerkuntza“ kontuan hartuz. Gelditzen den % 20a Udalen eskutan dago.
Aurreko Ttipi-Ttapan aipaten den “neurriko zapata” egiteko, baliteke toki batzutan Udalek duten % 20ko puntuak erabiltzea. Lesakako kasuan, apirilaren 15ean egindako Osoko Bilkuran, aho batez erabaki zen Idazkaritza lanposturako meritorik ez jartzea, hau da: % 20 hau ez erabili.
6 - Hogei urte baino gehiago daramat idazkari lanean eta funtzionarioa naiz, eszedentzian, hori bai. Beraz, Lesakara edo beste edozein herritara joateko ez dut azterketarik egin behar, lekualdaketa lehiaketan parte hartu besterik ez.
Horregatik ere, ez dakit hemen geldituko naizen edo ez. Azkenean prozedura automatikoa izango da, lanpostu hori eskatzen dutenei eta bere curriculumaren arabera, Nafarroako Gobernuak erabakitako puntuazioa aplikatuz.
7 – Azken arauak indarrean sartu zirenean Udaleko bi taldei nire hizkuntza maila azaldu nien. Gaineratu nuen EGA ateratzeko saioa egiteko prest nengoela baina, Idazkaritzako lan egoera kontuan hartuz, hori epe labur batean ez zitzaidala posible iruditzen.
8 – Hortaz aparte, gai honetan zerikusia duen partea naizenez eta Udalaren aholkularitza juridikoa nik egiten dudanez, erabakirik hartu aurretik beste norbaiten aholkua eskatzeko esan nien: Nafarroako Gobernuto Toki Administrazio Departamentuarena edo Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarena batez ere.
9 - Azkenean bi jarrera desberdinak izan dira: EGA eskatu edo ez. Biak legezkoak eta errespetagarriak direla iruditzen zait.
10 - Hala ere, begirune falta onartezina da. Zoritxarrez dirudi sarritan ez dakigula eztabaidatzen iraindu edo mindu gabe. Nire ustez, jendearen askatasun eta duintasunari errespetua erakusten ez zaionean, euskera berreskuratzeko prozesuak ez ditu emaitza onik ematen.
Gainera, nire kasuan, bakarrik datuen parte bat zabaldu da. Ez dute aipatu, adibidez, aldizkari juridikoetan euskararen lege-araubideari buruz argitaratu ditudan artikuluak.
11 – Dirudienez, Lesakako Udalak hartutako erabakiaren aurka errekurtsoak jarri behar dira. Ongi iruditzen zait. Horrela, gaia auzitegietan aztertuko dute eta prozedura guztiaren legezkotasunari buruzko epaia izango dugu.

2005eko maiatzaren 10ean.

Andoni Esparza Leibar Lesakako Udaleko behin-behineko idazkaria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun