Hiru Herri taldeko Gabriel Garin korrikalaria nagusitu zen maiatzaren 22an Lesakako Batzoki Elkarteak antolatutako XI. herri lasterketan, Rafa Maritxalar sarian, 8 kilometroko ibilbidea 24 minutu eta zazpi segundutan osatru ondotik. Bigarren postua Alberto Olague taldekidearentzat izan zen, 16 segundura eta hirugarren postua Rafa Maritxalar lesakarrak eskuratu zuen, 25 segundura. Laugarren postuan Fernando Etxegarai beratarra sailkatu zen, hau ere Hiru Herri taldekoa, (24’ 40”) eta bosgarren, Ramuntxo Lamothe saratarra izan zen (26’ 02”). Emakumeen artean, Sara Rodriguez Aldalur nagusitu zen (24’ 54”) eta beteranoetan, Marino Mateos Lobato eta Arantxa Aldalur.
Guzira 150 bat korrikalarik parte hartu zuten. Jubeniletan, herriko korrikalariak nagusitu ziren. Mutiletan Iñigo Altzugarai eta Ibai Bereau elkarrekin helmugaratu ziren eta nesketan Ioar Oteiza izan zen azkarrena. Junior mailan ere, Jon Olaizola lesakarra izan zen irabazle eta kadetetan, Asier Biurrarena. Kategoria ttikienetan, aurrebenjamin mailan Iker Iturria eta Nahia Mitxelena izan ziren irabazle; benjaminetan, Unai Zamorano eta Maialen Oiartzun eta infantiletan Unai Oiartzun eta Macarena Ruiz.