Gure Txokoa Berako kultur eta kirol elkarteak urteko batzar orokorra eginen du bihar arratsaldean. 19:00etan lehen deialdia izanen dute, eta ordu erdi beranduago bigarrena. Edozein batzarretan bezala, kontuak onartuko dituzte, eta ondotik ekitaldien balantzea eginen. Duela urte pasatxo elkartearen zuzendaritza hartu zuen Txelu Oiartzabalek joan den urteari begira balantze ona egiten du, ohiko ekitaldiak burutu dituzte, eta horrez gain, 75 urteurrena zela eta, hainbat ospakizun. Jendearen aldetik erantzuna ona izan da, eta elkarteko presidenteak erran digunez “horrek aitzinera segitzeko eta hobekiago egiteko ilusio ematen dizu”. Momentuz, aitortu digunez, gaur egungo zuzendaritza batzordeak segitzeko asmoa du, eta heldu den urteko ez-ohiko proiektu batzuk aipatuko dituzte ortziraleko bileran, hala nola, elkarteko giltza karta sistema baten bitartez egitea, eta Iamoteneako erreka aldean dagoen terraza moldatzea.