Ortziral honetan, ekainaren 3an, eginen da Nafarroako Kutxako Urrezko Adina elkarteak antolatutako jubilatuen Eguna. Urtero bezala, aurten ere Urrezko eta Diamantezko Eztaiak ospatzen dituzten bikoteak omenduko dira. Bortz senar-emaztek egin dituzte 50 urte ezkondurik: Pedro Larralde Gaztelumendi eta Maria Jesus Zubieta Tapia; Juan Bautista Lazkano Ubiria eta Eusebia Iratzoki Telletxea; Francisco Etxepare Madariaga eta Anastasia Ariztegi Iribarren; Luis Mitxelena Abanz eta Benita Larralde Tapia eta Segundo Rodriguez Gonzalez eta Julia Marcelo Gonzalez. 60 urte ezkondurik bete duen bikotea ere omenduko da, Jose Maria Irurieta Etxeberria eta Maria Larralde Gaztelumendik osatutakoa.
Eguneko egitarauari dagokionez, 12etan herriko karriketan barna adineko txistularien ibilaldia eginen da. 12:30etan ongietorria eginen zaie gonbidatuei erretiratuen elkartean. 13:00etan Meza Nagusia izanen da eta 14:15etan frontoian anaitasun bazkaria. Bazkalondoan omenaldia eskainiko zaie aurten Urrezko eta Diamantezko Eztaiak ospatzen dituztenei eta gero bi telebista zozketatuko dira azaldutakoen artean eta dantzaldia izanen da «Nueva Europa» taldearekin.