“Energiak batu klima-aldaketaren aurrean” erakusketa ikusgai Beran

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 1a

Klima-aldaketaren aurka egiteko hainbat neurri proposatzen dira

Heldu den otsailaren 11 arte “Energiak batu klima aldaketaren aurrean” izeneko erakusketa ikusgai egonen da Berako Kultur Etxean. Nafarroako Ingurumeneko Baliabideen Zentroak eta Lurralde eta etxebizitzen Antolamenduko sailak prestatu duten erakusketak, klima aldaketaren arazoa erakustea du helburu, eta bidenabar, energien kontsumoarekin duen erlazioa azaltzea. Erakusketa astelehenetik ortziralera irekia egonen da goizeko 10:00etatik 14:00ak arte, eta arratsaldeko 17:00etatik 19:00ak arte. Horrez gain ordutegi hauetatik talde-bisitak antolatu daitezke 948 631 222 telefonora deituz.

Erakusketa honen bitartez, energien kontsumoak herri industrializatuetan dituen ondorio ekonomikoak, sozialak eta ingurumenari buruzkoak agerian utzi nahi ditu, klima aldaketari buruzko eztabaida piztu, ahal bezain bat informazio eta argumentu emanez. Garapen iraunkorreko logika ezagutarazi nahi du, eta energien aurrezteko egitasmoak sustatu. Panel, bideo eta norberaren CO2aren ekoizpenari buruzko galdetegi baten bitartez, bisitariak energiari buruz duen ezagutza garatzen ahalko du, hala nola, nundik heldu den, ingurumenean zer ondorio dituen, eta hauek nola saihestu edo murriztu daitezke.

Helburu hauek betetzeko erakusketa bi zatitan banatu dute. Lehenean, klima-aldaketa eta energiari buruzko informazio orokorra jasotzen ahalko da, tartean, berotegi-efektua, energiaren prezioa etahunen banaketa bertzeak bertze. Bigarren zatian, energia aurrezteko hainbat proposamen egiten dira, hala nola, eguneroko bizi moduan hartu beharreko neurriak bai etxean, mugikortasunean edo lanean, eta etxea egiterakoan erabil daitezken materialak edo sistemak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun