Rekondo eta Erasunek finalerdietarako txartela eskuratu dute

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 29a

Hirugarren jardunaldiko norgehiagoka irabazi beharko dute Larretxea lehengusuek

Igande eguerdian 23 urte azpiko Binakako Urrezko Aizkora Txapelketako bigarren jardunaldiko bi norgehiagoka jokatu ziren Lesakako pilotalekuan. Larretxea lehengusuak garaipenaren beharrean zeuden, eta Rekondo eta Erasunek irabaziz gero finalerdietarako sailkatuko zirela segurtatzen zuten. Beratarra eta arraioztarra, Alkizalete II. eta Gorritiren aurka aritu ziren, eta leitzarra eta aurtiztarra berriz, Kañamares II.a eta Rodriguezen aurka. Kañamaresek Xabier Mindegia ordezkatu zuen labaindarrak zangoan duen zauriaz ez baitzen osatu.

Lehen jardunalditik Rekondo eta Erasunek argi utzi zuten txapela janzteko gai zirela, eginbeharreko lanean denbora ederra egin baitzuten. Igandean ere, ez zuten hutsik egin, eta aurkariak proba guzietan hartu zituzten menean. Lan guziak bukatzeko 18 minutu behar izan zituzten, aurkariek aldiz, Kañamares eta Rodriguezek bertze 42 segundu. Bukaeran tarte handirik ez bazen ere, Leitzarra eta Aurtiztarra ez ziren sekulan arriskuan izan. Lesakako saioko bigarren norgehiagokan, Garikoitz eta Oihan Larretxea, Alkizalete II eta Gorritirekin neurtu ziren. Lehengusuek aitzineko jardunaldian baino itxura hobeagoa erakutsi zuten eta probetan nabaritu zen. Aurkariei ez zieten inongo aukerarik utzi. Proba guziak berenganatu zituzten. Horiek horrela 18 minutu eta 42 segundo behar izan zituzten lan guziak bukatzeko. Aurkariek aldiz bertze 3 minutu eta 38 segundo, eta guztira 22 minutu eta 20 segundo.

Bi garaipen eskutan Rekondo eta Erasun finalerdietarako sailkatu dira, eta hirugarren jardunaldian multzoko lehen postua lortzeko arituko dira Alkizalete II.a eta Gorritiren aurka. Azken hauek orain arte erakutsi duten maila ikusi eta, Leitzarra eta Aurtiztarrak ez lukete zaila izan behar. Larretxea lehengusuek ez dute hain erraza izanen, Mindegia eta Rodriguezen aurka, baina irabaziz gero txapelketan aitzinera egingo lukete. Bi norgehiagokak Arantzan jokatu beharko lituzkete heldu den larunbatean, baina momentuz Egur Sport enpresak ezin izan digu konfirmatu.

B multzoko bigarren jardunaldia larunbatean jokatu zen Ziordian. Lehen jardunaldian Mugertza anaien aurka irabaziz, Atutxa eta Aldapek aurtengo faborito nagusiak izanen zirela erakutsi zuten. Larunbateko norgehiagokan aurreikuspenak konfirmatu zituzten Kañamares II.a eta Amillanoren aurka erraz irabaziz denbora apartarekin. Bizkaitarrak proba guzietan nagusitu ziren, tartean 45 ontzakoa kolpeka mozteko marka berrituz, 30 kolpe besterik ez zituzten behar izan enborra bitan zatitzeko. Proba guzien bukatzeko 15 minutu eta 53 segundoko denbora egin zuten. 18 minutu eta 6 segundoko denbora eginez Kañamares eta Amilllano ez ziren gaizki ibili baina aurkariek bertze maila batean jokatu zuten.

Bi garaipen lorturik Aldape eta Atutxak B multzoko lehen postua lortu dute, eta finalerdietan A multzoko bigarrenen aurka arituko dira. Multzoko finalerdietako bigarren txartela berriz ez da oraindik erabakia, eta horretarako neurtuko dira Kañamarez Amillanan eta Mugertza anaiak San Blas egunean Legution.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun