Iker Tainta Noble Pilotari lesakarrak profesionaletan debuta eginen du GARFE enpresaren eskutik otsailaren 10ean. Gainera, bere sorterrian, Lesakan eta gibelean herritar bat, Jexux Mari Almandoz, lagun duela jokatuko du profesionaletako lehen partida hori, Altzugarai eta Aranbururen kontra. Berekin egon garenean, debuta aurreikusi baino lehenago etorri zaiola aitortu digu pilotari gazteak. Hala ere kontent dago, ikasteko eta hobetzeko urte batzuk gelditzen zaizkiolako. Debutari dagokionez, Aranbururi ez dio hainbesteko beldurra baina baztandarrari aldiz bai, erran digunez, partidako helburuenetariko bat aurrelariaren gainetik pasatzea izanen da.
Bere jokatzeko modua nola definitzen zuen galdetu diogunean erran digunez, errematatzailea da, eta bolea onekoa baina aitortzen du eskuina anitzez hobetu behar duela. Garfek urte bateko kontratua sinatu dio, eta horrekin ere hagitz kontent da. Bi enpresa nagusiak ez dira, baina dioenez ikasteko denboraldia izanen da, eta denak ongi joanez gero Aspera egin dezake saltoa. Hala ere momentuan ez da bere helburua, gorantz begiratzen segitzen badu ere, ez du presarik Lesakako Gazteak 20 urte besterik ez baititu.