2005-2008 urteetako Toki Azpiegituretako planean sartzen diren saneamendua berritzeko bortz obra finantzatzea onartu zuen aho batez azaroaren 24ean egindako batzarrean. Azpiegitura egokitzeko lan hauen aitzinera eramateko 1.050.000 euro gastatuko ditu Udalak. Hauexek dira egin beharreko lanak: Otsango auzoko hegoaldeko hegalean saneamendua berrituko da 237.000 euroren truke. Nabaz auzoan ur beltzen saneamendu sarean moldaketak eginen dira. Lehen fase horrek 320.000 euroko aurrekontua izanen du. Gainerako hiru obrak Onin erreka bazterrean egin beharrekoak dira. Antoiu karrikan errekako eskuin aldeko ur beltzen saneamendua berrituko da eta Aceraliaren aitzinean gauza bera. Bukatzeko, beti ere fabrikaren ondoan, baina ezker bazterrean, hor ere ur beltzen sarea berrituko da. Hiru obra hauek 492.000 euroko kostea izanen dute, lehenak 141.000 eurokoa, bigarrenak 171.000 eurokoa eta azkena 180.000 eurokoa.
Bertzalde Frain auzora edateko ura banatzeko proiektuaren lanen lehen fasea lehiaketara atera da. 319.443 euroko aurrekontua du, eta eskaintzak otsailaren 19a baino lehen aurkeztu beharko dira Herriko Etxean. Nafarroako Gobernuak 92.955 euroko laguntza onartu berri du proiektu honetarako. Gisa berean, herrigunea argitzeko egin beharreko lanen bigarren fasea ere lehiaketara atera berri da. 262.922 euroko aurrekontua du eta Iruñetik 183.266 euroko subentzioa ailegatuko da. Eskaintzak otsailaren 12rako aurkeztu beharko dira Herriko Etxean.