Berako hainbat gizarte eragilek Lesakako Herriko Etxean lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzeko itun mankomunatua sinatu dute. Berako Udala, Ricardo Baroja Ikastetxea, Toki Ona Institutua eta Uxoa emakume Taldeak egin dute bat bertzeak bertze. XXI.mendeko erronka nagusia emakumeen eta gizonen arteko Aukera Berdintasuna da. Berdintasun formala ordenamendu juridikoetan jasota dago baina, herritarren arteko berdintasun errealaz hitz egitea eragozten duten jarduerak aldatzea eskatzen duten diskriminazio modu aunitz dago. Gizartearen garapena eta kohesia lortzeko gakoetako bat berdintasun erreala erdiestea da. Horretarako konpromisoak hartu behar dira eta sinatu berri den itun honekin eskualdeko eragileek berdintasuna lortzearen alde lan eginen dutela adierazten dute.