Lesakako Udalak, idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuei jarritako hizkuntza eskakizun mailaren inguruan hainbat iritzi eta berri sortu dira eta soka oraindik luzea izanen da seguruenik. Lesakako Euskara Batzordeak prentsaurrekoa eman zuen duela hilabete terdi. Geroztik, gaur egun Lesakako udalean idazkari den Andoni Esparzak bere iritzia plazaratu zuen, udalak egin duena ez dela hizkuntza eskakizuna jaustea, zehaztea baizik erranez. Euskalgintzaren inguruko bertze hainbat erakunderen iritzia ere plazaratu da han eta hemen.
Orain, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen bidez, Administrazioarekiko Auzi Helegitea jarri dio Lesakako Udaleko akordioari. Era berean, Lekunberri eta Lakuntzan ere antzekoak gertatu izana salatu du. Hiru herri hauetako udalek lanpostuetan euskara maila beharrezkoa dela onartu zuten, baina udalek berek atzera egin dutela adierazi du Behatokiko zuzendariak, Paul Bilbaok, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren atarian.
Behatokiak gertatutakoa aztertu ondotik azaldu duenez, 2004an Nafarroako Parlamentuari eskatutakoa ez diola Lesakako Udalak bere buruari aplikatu. Hilabete batzuk lehenago Nafarroako Parlamentuari EGA derrigorrezko maila izatea eskatu zioten eta beraiek plantilla aldatu dute hori ez betetzeko, nabarmendu du Behatokiko Zuzendariak. Paul Bilbaoren erranetan, «behin eta berriz salatu behar izan dugu Nafarroako Gobernuaren politika, eta oraingoan, zoritxarrez, zenbait udalen politikari kritika zorrotza luzatu behar diogu, ardura handiko lanpostuak izanik, udalaren euskarazko funtzionamendua bera baldintza dezaketelako».