«Aunitz arriskatzen dudanez, tantuak egin egiten ditut baina baita galdu ere»

Aitor AROTZENA 2007ko urtarrilaren 23a

TTIPI TTAPA

Iñaki LARRALDE Lesakako pilotari profesional berria

• Iñaki Larralde pilotari lesakarrak profesionaletako debuta egin du maiatzaren 29an Bergaran. Unai Apeztegia aurtiztarra lagun izan zuen gibelean eta 22 eta 15 irabazi zieten Galarza V.a eta Arroyo II.ari.

• Aspe enpresak hiru urteko kontratua egin dio aurrelari lesakarrari eta estraineko partidan itxura polita eman zuen. Ausart aritu zen eta hamabortz tantu egin zituen. Halere, hamar pilota ere galdu zituen.

• Belaunetik lesionatua ibili baldin bada ere, GRAVN txapelketa irabazi du aurten.

Gustora zegoen Iñaki Larralde pilotari lesakarra profesionaletan debuta egin eta biharamonean. Lehen partida hori irabazi egin zuen eta komunikabideetan, aurrelariaren ausardia eta bolea goraipatzen ziren. Horiek dira lesakarraren ezaugarri nagusiak, hain zuzen: «Nik aunitz arriskatzen dut eta tantuak egin egiten ditut, baina baita galdu ere. 15 egin eta 10 galdu nituen, beraz eginak badira, baina galdutakoak ere bai. Zer hobetua badut eta hiru urte hauetan lan eginen dut. Ahalik eta gehiena hobetzen saiatuko naiz».

Lehen partida horri dagokionez, garaipenak ezustean hartu zuela onartu du Larraldek. «Ez nuen espero lehen partida hori irabaztea, baina atzelari ona jarri zidaten eta gustora nago» erran digu Larraldek. Noski, aldaketa ere somatu du afizionatuetatik profesionaletara pasatzerakoan: «Atzelariek segurantza gehiago dute, afizionatutan gehiago galtzen dute. Hasieran arraro xamarra egin zitzaidan apostulariak oihuka aditzea, baina gero ahazten zara eta ez dituzu somatzen».

Pixkanaka hobetzeko helburua

Pilotan hasten diren haur aunitzen ametsa izaten da profesionaletan aritzea. Hori bete du Larraldek eta etorkizunerako ez du bertze amets berezirik: «Pixkanaka hobetu eta ahalik eta goitiena ailegatu nahi nuke. Estelarretan aritzeko aunitz jokatu behar da eta hori zail dago». Gazte eta afizionatu mailako palmaresa aztertzerakoan, 2003an promesas mailan Diario Vasco txapelketaren finalera ailegatzea eta aurten GRAVN irabaztea aipatzen ditu aurrelari lesakarrak. 2002an, gazte mailan, euskal liga ere irabazi zuen, pilotari gazteena izanik eta 2003an, gazte mailako lau terdiko Nafarroako txapelketa, Guillermo Mazo memoriala irabazi zuen. Lau terdian, kantxa osoan banaka, binaka… «Gustoen binaka aritzen naiz, mano-mano lan gehiago egin behar da eta nahiago dut binaka aritu». Gazte mailan lortutako emaitza hauei esker, duela bi urte aurrekontratua sinatu eta ordutik honat Aspeko teknikariekin entrenatzen aritu da: «Hasieratik fisikoki hobetzen aritu gara, gero astean behin edo bitan Jokin Etxanizekin entrenatzen dugu pilotarekin». Larralderekin batera, badirudi abudo debutatuko dutela Asegarcen Retegiren eta Arretxeren semeek, bertzeen artean. Aurrelari belaunaldi berria datorrela dirudi: «Bai, denak adin berekoak gara, elkarrekin arituak eta ea eurek ere debutatzeko suertea duten».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun